GAUR8 - mila leiho zabalik

Bideoklip bat Down sindromea eta autismoa duten lagunak gizarteratzen laguntzeko

“Se pierda el miedo” Mikel Bizarren kantaren bideoklipa aurkeztu dute, Down sindromea eta autismoaren espektroko nahasmenduak ikusaraztea eta normalizatzea helburu dituen “Esa maravillosa niebla” proiektuaren barruan. Musika eta ipuinak uztartzen dituen lana maiatzean argitaratuko da.


“Se pierda el miedo” (Beldurra galdu) abestiaren bideoklipa aurkeztu du Mikel Bizarrek Down sindromeaz eta autismoaren espektroko nahasmenduez kontzientziatzea eta pertsona horien gizarteratzea helburu dituen proiektuaren barruan.

“Esa maravillosa niebla” (Laino zoragarri hori) egitasmoaren bigarren zatian kokatzen dira kanta eta bideo berriak. Bilboko Merkataritza Ganberan aurkeztu da eta EAEko Down Sindrome Fundazioaren, Bilboko Portuko Agintaritzaren eta Leioako eta Sopelako Udalen laguntza izan du.

Aitor Elorriagak zuzendu du bideoklipa, eta Ander Shinova eta Luz Tato (Gato bala Films) aritu dira errealizazioan. Kameraren aurrean, Andrea Sesma, Ugaitz Lera eta Zuriñe Torrontegi dira protagonistak. Lanean, gainera, “Handia” filmean egindako lanagatik Goya sari bat izan zuen Gorka Aguirre eta Dani Alvarez kazetariek hartu dute parte.

Bere gaitasunak garatzea galarazten dioten pertsona baten istorioarekin abiatu zen Bizarren proiektua. Hurrengo maiatzean argitaratuko da lan osoa, euskaraz eta gaztelaniaz, eta musika eta liburu formatua uztartuko ditu, haurrentzako ipuinak eskainiz. Aurreratutakoaren arabera, Aspergerra duen pertsona bat izango da ipuin musikatuen narratzailea.

Inklusioaren aldeko kantua

Trilogia bat da “Laino zoragarri hori” lana eta nahasmendu ezberdinak normalizatzea du helburu, lan arloan bereziki. Bizarren hitzetan, «azken ehun urteetan nahasmendu horiek izan duten bilakaera» erakusten du lanak. «Inklusioaren eta berdintasun horren aldeko kantua da», azpimarratu du konpositore eta abeslari bilbotarrak.

Lanaren lehen atala 2018. urtean argitaratu zen eta jada bost edizio izan ditu, gogoratu dutenez. Autismoa nabarmentzen du lanaren lehen zati horrek; autismoa eta Down sindromea jorratzen ditu bigarrenak, eta azkenak osasun mentalari helduko dio, «taburik gabe» eta «sentimendu eta bihotz handiz».