GAUR8 - mila leiho zabalik

Eskudero anaiak, bizitza bat pilotaren bueltan

Pilotari, epaile, botilero, irakasle, kazetari... ia denetarik egindakoak dira Jon eta Aritz Eskudero anaiak pilota munduan. Aritzen kasuan, 28 urterekin erremontean debutatzeko aukera ere izan du. Haiekin izandako solasaldia larunbatean argitaratuko dugu GAUR8n.

This browser does not support the video element.


Andoaingo Goikoplazan elkartu gara Jon eta Aritz Eskudero anaia andoaindarrekin. Txikitan ordu asko igarotakoak dira bertako pilotalekuan, eta han hasitako bideak pilota munduko arlo desberdin asko ezagutzera eraman ditu.

Kontatu digutenez, etxetik datorkie zaletasuna eta tradizioa. «Pilota gure etxean sakratua izan da. Gaur egun ez da ongi ikusia izango agian, baina gure aita Goizuetakoa da eta ez zigun futbolean jokatzen uzten. Ama Errazkingoa da eta baditu bi lehengusu, alde desberdinetakoak, pilotari profesionalak izandakoak: Bergara II.a eta Martinikorena», gogoratu du Jonek, anaietan zaharrenak.

Ez da harritzekoa, beraz, bi anaiak txiki-txikitatik Andoaingo Gazteleku pilota elkartearekin jokatzen hasi izana. «Pilota eskolan hasi ginenean txapelketak leku guztietan izaten genituen. Lizarran, Sunbillan, Bizkaian... Pilota aitzakia polit bat izan da Euskal Herriko bazterrak ezagutzeko», gehitu du oraindik ere, ia 34 urterekin, eskuz jokatzen jarraitzen duen Jonek.

Aritz anaia gaztearen kasua, aldiz, kuriosoa da. Orain urte pare bat erremontea probatzera joan zen eta, aurten, martxoaren 3an, profesional bezala debuta egin zuen 28 urterekin. «Gu Andoaingoak izanik bagenituen lagun urnietarrak erremontean zebiltzanak, orain profesionalak direnak: Imanol Ansa, Ander Goikoetxea... Askotan komentatzen ziguten: ‘etorri behar duzue egunen batean probatzera’. Baina ez ginen joaten inoiz. Egun batean Jon joan zen arte. Asko gustatu zitzaion eta berak animatu zidan, ‘hik joan behar dek, indar gehiago daukak eta ondo moldatuko haiz’. Joan nintzen eta azkenean erabat engantxatu nintzen».

Aritz epaile ibili izan da gazte-gaztetatik, baita eskupilota profesionalean ere, eta lau urte egon zen Gipuzkoako Federazioan sartuta. Jon ere Euskadiko Federazioan ibilia da, kazetaria ere bada, eta Erik Jakarekin botilero ikusi izan dugu. Esperientzia horietaz kontatu digutena, larunbatean GAUR8n.