APR. 12 2023 Gaur X urte 62 urte Yuri Gagarin espazioratu zenetik, Lurra orbitatu zuen lehenengo gizakia Grabitaterik ez egoteak gizaki batengan dituen efektuak ezagutzeko bidali zuten Yuri Gagarin astronauta sobietarra espaziora gaur duela 62 urte. 108 minutu igaro zituen Lurra orbitatzen paraxut batekin Kazakhstanen lurreratu zen arte. Yuri Gagarin Vostok 1-ean sartuta, jaurtiketa baino lehen. (Wikimedia Commons) GAUR8 1961eko apirilaren 12an Yuri Gagarin astronauta sobietarra espaziora bidaiatu zuen lehenengo gizakia bihurtu zen. Baikonurko kosmodromotik atera zen Vostok 1 espazio-ontzian «Goazen! Agur, laster arte, lagun maiteok» esanez. Lurra orbitatzen egon zen 108 minutuz Kazakhstanen lurreratu zen arte. Bidaiaren ostean egindako txosten batek jasotzen duenez, honela deskribatu zuen Gagarinek hegaldia: «Grabitaterik ezaren sentsazioa ezezaguna zen Lurraren baldintzekin alderatuta; posizio horizontal batean uhaletik zintzilik egongo bazina bezala sentitzen zara, esekita bezala». Bidaian erabili zuten irratitik grabatutako zinta batean entzun daiteke, gainera, astronautak «Lurra urdina da» eta «munduko biztanleak, edertasun hau zaindu dezagun, ez dezagun suntsitu» esan zuela gure planetari begira ari zela. Hegaldia automatikoa izan zen kontrol-taula blokeatuta zegoelako. Hala ere, espazio-ontziaren kontrola hartu behar izatekotan maneiatzeko kode bat eman zioten gutun-azal baten barruan. Orduko zientzialariek ez zekizkiten grabitaterik ez izatearen efektuak eta bidaiaren helburua egoera horretan gizaki baten portaera ezagutzea izan zen. Vostok 1-ean egin zuena izan zen espazioratu zen aldi bakarra. Soyuz1 misiorako erreserbako tripulatzaile izendatu zuten, baina istripu batekin amaitu zen eta Gagarinen lagun eta kosmonauta Vladimir Komarov hil zen. Gagarin heroi bihurtuta eta hilko ote zen beldurrez, sobietar agintariek behin-betiko debekatu zioten espazio-hegaldi gehiago egitea.