APR. 14 2023 Gaur X urte 1931ko apirilaren 14an Bigarren Errepublika espainola aldarrikatu zuten Gaur 92 urte betetzen dira Bigarren Errepublika espainola aldarrikatu zenetik, hilak 12an egin ziren hauteskundeen ondoren. Alfonso XIII.a alde egin ondoren, ospakizunek hiri eta herrietako kaleak bete zituzten. Bigarren Errepublikaren aldarrikapena Bartzelonak Sant Jaume plazan. (Josep Maria SAGARRA | Wikimedia Commons) GAUR8 Aurreko egunean Eibarren, Jakan eta Sahagunen Bigarren Errepublika espainola aldarrikatu ondoren, gainerako herri eta hirietan apirilaren 14an egin zuten Alfonso XIII.a orduko erregea Parisera ihes egin ondoren. 1921etik 1930era arte Primo de Riveraren diktadurapean egon zen gaur egun Estatu espainola dena. Ondoren, demokraziara bueltatzeko nahian, Alfonso XIII.ak Juan Bautista Aznar jarri zuen Ministroen Kontseiluko presidente. Horrela, 1931ko apirilaren 12an udal-hauteskundeak antolatu ziren. Monarkiaren aldekoek 22.150 zinegotzi lortu zituzten errepublikanoen 5.875 zinegotzien aurrean. Hala ere, 41 probintziako hiriburutan errepublikanoek irabazi zuten, monarkiaren aurka. Hori ikusita, erregea izan zenak Parisera ihes egin zuen gauean eta toki desberdinetan hasi ziren Bigarren Errepublika aldarrikatzen. Historian zehar hedatu dira ospakizunen irudiak, non ikasleak, langileak zein intelektualak kalera atera ziren. Nicolas Alcala Zamora izan zen lehenengo gobernuburua, behin-behineko gobernu batekin. Urte bereko ekainean hauteskunde konstituziogileak egin ziren eta abenduaren 9an Konstituzio berria onartu zuten. 1939an Gerra Zibila amaitu arte egon zen indarrean eta lehen aldiz sufragio unibertsala jasotzen zuen.