APR. 19 2023 Gaur X urte Gaur 50 urte Eustakio Mendizabal 'Txikia' ETAko militantea hil zuen Espainiako Poliziak 1973ko apirilaren 19an 'Txikia' hil zuten bizkarretik tiroka Algortan. ETAko buruzagi nabarmenetako bat izan aurretik, euskaltzalea eta olerkaria zen. Heriotza hark euskal gizartea astindu zuen. Algortan hil zuten tokian omenaldia egin zioten 2009ko apirilaren 19an, hilketaren 36. urteurrenean. (Wikipedia) GAUR8 Gaur 50 urte, 1973ko apirilaren 19an, Eustakio Mendizabal ‘Txikia’ (Itsasondo, 1944) hil zuen Espainiako Poliziak Algortan. ETAko buruzagi nabarmenetako bat zena, bizkarretik tirokatu zuten, eta 28 urterekin hil zen. Heriotza hark euskal gizartea astindu zuen.Txikia ETAko militante izan baino lehenago, euskaltzale eta olerkari izan zen. Itsasondokoa zen jaiotzez, eta kulturgintzatik egin zuen jauzi ETAko militantziara. 1968ko abuztuan ihes egin behar izan zuen, lagun bat atxilotu zutelako eta bere bila joan zelako polizia. Iparraldera jo zuen. Bistakoa denez, Iparraldera alde egin zuenetik, hil zuten arte, ez zeraman urte asko ihesean, baina denbora gutxian fama handia hartu zuen. Izan ere, rol garrantzitsua izan zuen ETA V.aren eraketa eta jardunean; aktibismoan, zorroztasunean, zintzotasunean... Baita ere Burgosko epaiketetan eta Carrero Blancoren atentatuaren prestatze lanetan. 1971. urtetik aurrera, Txikia ETA V.aren fronte militarreko arduraduna izan zen. Garaiko agiri ofizialetan, ETAren ekintza garrantzitsuenetan parte hartzea leporatzen zioten: Beihl kontsularen eta Zabala eta Huarte industrialen bahiketak, Sindikatu Bertikalaren kontrako ekintzetan edota dinamita lapurretan. Hilketaren nondik norakoak ETA Carrero Blanco hiltzeko prestaketa lanetan ari zen, eta horretarako bildu ziren zenbait militante Bilbon. Orduan, Txikia Algortako tren geltokira heldu zen bertatik, Jose Manuel Pagoaga ‘Peixoto’-rekin batera. Goizean ohartu ziren Bilboko Errekalde auzoan poliziak segika zituztela. Algortako geltokia poliziez josita zegoela ikusi zutenean, korrika ihesi hasi ziren, eta polizia tirokatzen hasi zen. Txikiak tiro bat jaso zuen ipurmasailean, baina korrika jarraitu zuen kotxe batera iritsi zen arte. Autoarekin arazoak izan zituenez, polizia bat inguratu eta tiro egin zion. Basurtoko ospitalean hil zen.