GAUR8 - mila leiho zabalik

Ataxia telangiektasiaren ikerketa bultzatzeko erronka Urduñan: hamabi ordu oinez

Javi eta Xabi Irabien aita-semeek hamabi ordu egingo dituzte oinez igandean Urduñan, Aefat elkartearen alde. Parte hartzera irekia, erronkan bildutako dirua ataxia telangiektasiaren inguruan dauden ikerketa-proiektuak babesteko izango da.

Kavi eta Xabi Irabien aita-seme urduñarrak, irudian. (Aefat)

Javi eta Xabi Irabien aita-seme urduñarrek Aefat elkartearen aldeko erronka parte hartzailea antolatu dute iganderako (apirilaren 23) Urduñan, ataxia telangiektasiaren ikerketa bultzatzeko.

Oraingoz sendabiderik ez daukan gaixotasun arraroa eta neurodegeneratiboa da ataxia telangiektasia. EAEn bi mutilek pairatzen dute gaixotasuna, eta 40 haur eta gazte inguru dira Estatu espainolean.

Bi kirolari urduñarrek ‘Urratsez urrats’ deitu diote ekimen solidarioari. Hamabi orduz jarraian ibiltzea da proposatzen duten erronka, hamar kilometroko ibilbide zirkularrari bueltak emanez. Foru Plazan hasiko da 8.00etan eta leku berean bukatuko da, 20.00etan. Erronkaren inguruan animazioa egongo da hamabi orduetan zehar.

Irabiendarrak taldearen buruan joango dira, eta itzuli bakoitzean parte hartu nahi duten guztiek batu ahal izango dute erronkara, ibilbidea familia osoak egiteko pentsatuta baitago.

Hamar euroko donazio solidarioa

Parte hartzaileek hamar euroko dohaintza solidarioa egingo dute eta oparia izango dute bukaeran.

Ibilbideari dagokionez, Arbietotik igaroko dela aurreratu dute, partzelariako pistetatik jarraituko du Artomañaraino eta Hodeiren etxetik pasatuko da, ataxia telangiektasia duen mutil urduñarra. Bi ordu eta erditik behin pasatuko dira kirolari urduñarrak Foru Plazatik, eta orduan parte hartzaile berriak batu ahal izango dira.

«Ikerketaren alde borrokatzen duten familiei lagundu nahi diegu», adierazi du Javi Irabienek. Igandekoa ez da Aefatekin antolatu duten lehenengo ekimena eta ez da azkena izango, zehaztu dutenez. Helburua dauden ikerketa-proiektuak babestea da Aefat finantzatuz, nabarmendu dute.

Igandean aurrez aurre egin ahal izango dira diru ekarpenak baina ekarpenak online  egiteko aukera dago Migranodearena plataformaren bidez.