GAUR8 - mila leiho zabalik

Argentinako Leloir saria jaso du Jose M. Asua EHUko Kimika katedradunak

Leloir saria jaso du Argentinan Jose Maria Asua EHUko Kimika Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko katedradun eta Polymat Fundazio bikaintasuneko ikerketa zentroko zuzendari zientifikoak. Argentinako Gobernuak atzerriko zientzialariei ematen dien sari nagusia da.

Jose M. Asua, saria jasotzen. (Polymat)

Jose M. Asua Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kimika Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko katedradun eta Polymat Fundazioa bikaintasuneko ikerketa zentroko zuzendari zientifikoak Leloir saria jaso du nekazaritza zientzien, ingeniaritzaren eta materialen alorrean Argentinako gaitasun zientifikoak eta teknologikoak areagotzen laguntzeagatik. Argentinako Gobernuak atzerriko zientzialariei ematen dien sari nagusia da Leloir.

«Sari hau Argentinako ikertzaile handiekin elkarlanean egindako lanaren aitortza da, haien ekarpena funtsezkoa izan baita Polymaten garapen eta kokapenean», adierazi du Asuak errekonozimenduaren inguruan.

EHUk jakinarazi duenez, Jose M. Asua Kimikan lizentziaduna da Bilboko Unibertsitatean eta doktorea Zaragozakoan. Doktorego ondokoa Liejako Unibertsitatean (Belgika) egin zuen. Urte sabatikoak egin zituen Lehigh-eko Unibertsitatean (AEB) ‘Fulbright Scholar’ gisa eta Waterloo-koan (Kanada) irakasle bisitari gisa. Lovainako Unibertsitate Katolikoko (Belgika) eta Dortmundeko Unibertsitateko (Alemania) irakasle bisitaria ere izan da.

Polimerizazioa eta materialen ekoizpena

Industrian garrantzia duten polimerizazio prozesuetako funtsezko ikerketa egiten du Asuak. Horren xedea da polimeroen ekoizpen estrategia eskalagarriak garatzea, nanoegitura kontrolatuarekin. Ikerketa ildo hori material sorta zabala ekoizteko erabili dira, eta itsasgarri garden eta eroaleetan aplikatzen da, baita estaldura autokonpongarri eta fotokatalizatzaileetan eta oinarri biologikoa duten estaldura eta itsasgarrietan ere.

Asuak 400 artikulu zientifiko baino gehiago idatzi ditu, 80 osoko hitzaldi eta gonbidatu eman ditu eta 60 doktorego tesi baino gehiago zuzendu ditu. ‘Chemical Engineering Journal’, ‘Macromolecular Materials and Engineering’, ‘Macromolecular Reaction Engineering’ eta ‘ACS Macro Letters’ aldizkarietako batzorde editorialeko kide izan da.

Berrikuntza teknologikoaren Rhone-Poulenc saria lortu zuen 1992an eta ikerketa arloko Euskadi saria 2005ean, hainbat errekonozimenduren artean. 2021. urtetik Frantziako Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionaleko Kontseilu Zientifikoko kidea da.