GAUR8 - mila leiho zabalik

Dunen hesi-efektua, hondartzetako harri-jausietako irtenbide naturala

Bizkaiko Barinatxe hondartzan harrien luizietatik babesten duen duna sistema aztertu du EHUko ikertalde batek. Ikusi dutenez, dunak bezalako fenomeno naturalak erabateko babesa ematen du ingurumenean askoz inpaktu handiagoa duten sareen edo dikeen moduko soluzioen aldean.

Jon Ander Clemente ikertzailea. (Tere ORMAZABAL | EHU)

Euskal labarretan oso fenomeno ohikoak diren harri-jausien aurrean dunek duten hesi-efektua aztertu du EHUko ikertalde batek. Bizkaiko Barinatxe hondartzan garatu dute ikerlana, eta dunek erabateko babesa ematen dutela ikusi dute. «Gainera, balio ekologikoa eransten diote kostaldeko ekosistemari», gaineratu dutenez.

Kezkatzen duen arrisku bat da, hondartzetan aisialdian biltzen den jende kopuru handiagatik. «Harriak eusteko, dikeak, sareak eta hesiak eraiki izan dira tradizionalki, baina haiek eraikitzea eta mantentzea garestia da, eta, gainera, inpaktu bisual eta ingurumen-inpaktu handia eragiten dute eremuan», azaldu du EHUK.

Zientzia eta Teknologia Fakultateko Prozesu Hidrikoen Ingurumenekoen ikertaldeak dunak bezalako fenomeno naturalen erabilera aztertu du. Babes-neurriak «naturalizatzea» da helburua, aipatu du Jon Ander Clemente taldeko ikerlariak. Gogoratu du, gainera, balio ekologiko edota geomorfologiko handiko eremu babestuetan ezin direla esku-hartze tradizionalak egin.

Ikerlanean eremu horien 3Dko ereduak sortu dira. «Horrela, azterketa-eremuetara erortzen diren harrien ibilbideen, tamainaren, aitzinamenduaren eta beste zenbait parametroren jarraipena eta monitorizazioa» egin ahal izan dute. Era horretara, gainera, hondartza bakoitzean harri-jausien aurreko zaurgarritasuna ebaluatu daitekeela nabarmendu du ikertzaileak.

Hesi-lana Barinatxen

Sopela eta Getxo artean dagoen Barinatxe hondartzaren kasuan, ondorioztatu dute itsaslabarraren oinean dagoen berezko duna-sistemak babes funtzioa betetzen duela. «Beren ezaugarriak direla eta, duna horiek oreka natural bat eratzen dute, eta hark hesi-lana eginez, harriak atxikitzen ditu», azaldu du Clementek.

Ikerlariak zehaztu du 3Dko ereduak erakutsi duela «hesi natural hori narriatu eta desagertuko balitz», harriak jendea egoten den lekuetaraino iritsiko liratekeela, arrisku-egoera handiak sortuz; baina duna sistemak %100eko babesa ematen du, eta biodibertsitatearen ikuspegitik aztertzen bada garrantsitsuak diren espezien habitat-ak dira, eta landarediak tinko eusten die dunei.

Clementek argitu du, halere, dunen eraginkortasuna frogatzeak ez duela esan nahi duna sistemen ezarpena pareko arriskuan dauden hondartza guztietan egin daitekeenik.

Azpimarratu duenez, «konponbideak leku bakoitzaren berezko morfologiara egokitu behar dira. Baliteke hondartza batzuetan duna-sistemak sortzeko aukera egotea, baina beste batzuetan inpaktu handiagoko esku-hartzeak egin beharko dira».

Ikerketarekin lotuta garatutako metodologia ere nabarmendu du, frogatu baita 3Dko ereduak aukera ematen duela «leku bakoitzaren behar zehatzak definitzeko». Izan ere, zenbait ikerketatan aipatu dute metodoa eta beste leku batzuetan hasi dira probatzen, Italiako Portofinoko parke naturalean, adibidez.