GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Orain 37 urte historiako istripu nuklearrik larriena gertatu zen Txernobylen

Ukrainako Txernobyl hirian gertatu zen eztanda, 1986ko apirilaren 26an. Historiako istripu nuklearrik larriena izan zen, nazioarteko eskalan zazpigarren mailan kokatzen da. Hondamendi hura gogoan, zentral nuklear berri zein zaharren aurkako protestak egiten dituzte herritarrek mundu osoan.

Txernobylgo haur baten eta harrera ama baten arteko besarkada, Loiuko aireportuan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

1986ko apirilaren 26an, historiako istripu nuklearrik larriena gertatu zen Ukrainako Txernobyl hirian. Egun hartan, Lenin zentral nuklearreko laugarren erreaktorean bat-batean igo zen potentzia. Ondorioz, nukleoa gehiegi berotu eta barnean bildutako hidrogenoa lehertu zen.

Askatu zen material erradioaktibo kantitatea ikaragarria izan zen. 1945ean Hiroshiman jaurtitako bonba atomikoena baino 500 aldiz handiagoa izan zela kalkulatzen dute. Ofizialki 31 lagun hil ziren zuzenean, eta beste 135.000 inguru hartatik ateratzera behartu zituzten.

Historialari batzuen arabera, Sobietar Batasunaren bukaeraren hasiera izan zen Txernobylgo hondamendia.

Nazioarteko alarma

Europa iparraldeko eta erdialdeko hainbat herrialdetan erradioaktibitatea detektatu zutenean, nazioarteko alarma sortu zen. Hainbat ikerketa egin da eta guztiak bat datoz honetan: kutsatutako milaka eta milaka lagunek beren bizitzako uneren batean pairatu dituzte edo pairatuko dituzte horren ondorioak osasunean.

Ukrainako Gobernuarekin izandako negoziazio luzeen ondoren, nazioarteko komunitateak zentrala behin betiko ixteak zekartzan kostuak ordaindu zituen, eta 2000ko abenduan bukatu zen itxiera.

Herrialde askotan, baita gurean ere, Txernobylgo haur kaltetuak hartzen dituzte familiek denboraldi batez. Hala, elikagai garbiak jaten dituzte eta aire garbia arnasten dute hilabete batzuetan bederen eta on handia egiten dio horrek beren osasunari.

Txernobyl gogoan, zentral nuklear berri zein zaharren aurka protestak egiten dira munduaren luze-zabalean.