GAUR8 - mila leiho zabalik

Antiguako Pilota Txapelketa, 75 urte ikuskizuna ziurtatzen

Antiguako Pilota Txapelketa ezaguna 75. urteurrena ospatzen ari da. Sortu zenetik urte gehiago igaro diren arren, datorren abuztuan 75. ekitaldia jokatuko da eta Antiguako Pilotazaleok antolatzaile elkarteak ekitaldi zerrenda oparoa antolatu du. Larunbatean ibilbide luze hori errepasatuko dugu GAUR8n.

This browser does not support the video element.


Antiguako Pilota Txapelketa 1943an sortu zen auzoko pilotazale batzuren eskutik. Antza denez, Sukia kalean zegoen Carmenolo tabernaren jabea, Manolo Amador, oso pilotazalea zen, eta baita bertan biltzen ziren zenbait bezero ere. «Jose Mari Salsamendi, Teodoro Muelas, Sixto Santesteban, Cesareo Fernandez, Ignacio Goikoetxea, Angel Aldasoro eta Albizu abizeneko beste pilotazale bat izan ziren aurreneko edizio hura antolatu zutenak», gogoratu du Jesus Mari Rubiok, antolatzaile taldeko presidente beteranoak.

Rubio 1936ko urtarrilaren 15ean jaio zen, 87 urte ditu, eta gertu-gertutik bizi izan du txapelketaren bilakaera. «Nire lehen oroitzapenak 17 edo 18 urte nituenekoak dira, 1954-1955 ingurukoak. Nire eginkizuna emaitzak eta hurrengo partidak egunkarietako egoitzetara eramatea izaten zen. Orduan hiru egunkari nagusi zeuden hemen inguruan: El Diario Vasco, La Voz de España eta Unidad». Hortik abiatuta, eta parentesi pare bat kenduta, ia bizitza osoa eman du txapelketaren antolakuntzan.

Bere laguntzarekin, torneoaren bilakaera errepasatuko dugu larunbatean luze eta zabal. Antiguako Txapelketa berezi egiten duen ezaugarrietako bat, adibidez, pilotalekua da. Auzoaren bihotz-bihotzean dagoen frontoia da, urtean zehar edonorentzat irekia, motza eta sabai oso baxukoa. Horrek asko baldintzatzen du bertan egiten den jokoa, baina xarma berezia ere ematen dio jokoari.

Urteotako pasadizo nagusiak ere pilotalekuarekin lotuta daude, batez ere frontoia estali aurretik euriarekin izaten zituzten komeriekin. «Urtero final egunean bazkaria egiten dugu Iztingorra elkartean: pilotariak, babesleak, antolatzaileak... Ba bigarren finala jokatzen ari zela euria hasi zuen, eta erabaki zen bazkaltzera joatea eta partida bazkalondoan jarraitzea».