MAY. 19 2023 Hamar ikerketa buru kontratatzeko deialdia plazaratu du Ikerbasquek Ikerbasquek behin betiko hamar kontratu eskaintzen dituen deialdia plazaratu du. Mundu osoko eta ikerketa-arlo guztietako ikerlariei zuzenduta, «eskarmentu handia eta lidergo gaitasuna» eskatzen du zientziarako euskal fundazioak. Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa, artxiboko irudian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) GAUR8 Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak deialdi berria jarri du abian, eskarmentu handiko hamar ikertzaile kontratatzeko. EAEko unibertsitate eta ikerketa zentroetan garatuko dituzte ikerketak. Deialdiak zortzi urte baino gehiagoko ikerketa esperientzia duten mundu guztiko eta ikerketa arlo guztietako ikertzaileak kontratatzea ahalbidetuko du. Irailaren 15era arte aurkez daitezke eskaerak Ikerbasqueren webgunearen bidez. Ikerbasqueko iturriek adierazi dutenez, programak helburu bikoitza du: alde batetik, atzerrian dauden ikertzaileak erakarri nahi dira (horien artean jatorriz euskaldunak diren ikertzaile asko daude), eta, bestetik, EAEn dauden ikertzaileei behin betiko kontratua lortzeko aukera eman. Era berean, emakume ikertzaileen kontratazioa bultzatu nahi da bereziki, Ikerbasqueko berdintasun planak jasotzen duen bezala. 35 herrialdetako 345 ikertzaile Egun, Ikerbasquen 35 herrialdetako 345 ikertzaile daude. %49 zientzia esperimentalen alorreko adituak dira, %23 mediku eta bizitzako zientzietakoak, %15 ingeniari eta teknologiakoak eta gainerako %13, gizarte zientzietakoak. Ikerbasqueko ikerlariak munduko zentrorik ospetsuenetatik heldu direla azpimarratu du fundazioak, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitatea edota CNRS eta Max Planck elkarteak aipatuz. «Egungo testuinguruan are beharrezkoagoa da ikerketaren aldeko apustuari eustea», etorkizunerako «giltzarria den heinean», azaldu du Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak. Nabarmendu duenez, pertsonetan inbertitzearen garrantzia eta ikerketaren aldeko apustua uztartzen dituen eredua jarraitu du fundazioak «formula eraginkor batean eta emaitza argiekin». Horrekin lotuta, Ikerbasqueren ikerketak zientzia eta teknologia sarean duen «gero eta eragin handiagoa» azpimarratu du.