GAUR8 - mila leiho zabalik

Ehuntzea tresna hartuta, «kaleak gureak dira» aldarrikatuko dute larunbatean hainbat herritan

«Ehuntzearen artea aldarrikapen feministarako tresna» hartuta, «kaleak gureak dira» aldarria plazaratuko dute hainbat herritan. Kalearen konkista, eremu pribatuarekin lotutako praktika tradizionalak erdigunera eramatea eta hurbileko harreman afektiboei balioa ematea ekimenaren ardatzetako batzuk dira.

Emakume bat ikur feminista egiten, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Hurrengo larunbatean, Kalean Ehuntzeko Munduko Eguna izango da eta ospakizun horren harira, «ehuntzearen artea aldarrikapen feministarako tresna» bihurtuta, «kalearen konkista» aldarrikatuko dute 25 bat erakundek Euskal Herriko hainbat udalerritan.

Ekimena 10.00etatik 13.00etara egingo dute Pasaian (Gudarien Plaza), Astigarragan (Erribera kulturgunea), Errenterian (Zumardia Plaza), Hondarribian (Martxoak 8 Plaza), Gasteizen (Plaza Berria), Eibarren (Unzaga Plaza), Tolosan (Zerkausi Kalea), Donostian (Gipuzkoa Plazan; eta Sarriegi Plazan, ostiral arratsaldean), Zumarragan (Zelai Aristi Parkea) eta Bilbon (Ledesma kalea).

Puntu guzti horietan “Kaleak gureak dira” oihu feminista plazaratuko dute ehuntzea bezalako praktika tradizionalak erdigunean jarriz. Azaldu dutenez, helburua da «eremu pribatura lotuta egoteagatik beren balioa kendu zaien diziplinak» plano publikora eramatea, eta horien inguruan sortutako ehun eta dinamika sozialei balioa ematea.

Horregatik, zehaztu dute «auzoak eraikitzeko eta ehuntzeko hurbiltasuneko harreman afektiboei balioa ematea, era kolektiboan eraiki eta ehuntzea» mobilizazioaren ardatzetako bat dela. Horren ondoan, ehuntzea bezalako praktiken atzean dagoen «jakinduria eta savoir faire guztia ikustaraztea» da asmoa. «Gure arbasoek itzalean egindako lanaren balio kalkulaezina ohoratzea» proposatzen dute.

Ohar batean gogoratu dute Pasaian jaio zela mugimendua 2021. urtean, «bi lagunen arteko bertako ekimen modura: Lalocadelacasa-ko Oihana Merino eta Adinkide GKE-ko Blanca Caballero». Matazak Indarkeria Sexistaren Kontra proiektuak proposamena garatu zuen eta talde eragilea sortu zen.

Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du, eta Indarkeria Sexistaren Aurkako Matazak elkarteak ‘#puntuetakitto mugimendua’ sendotzen jarraitzen dutela zehaztu dute antolatzaileek, administrazio publiko, elkarte, komertzio eta gizarte zibilaren babes eta lankidetzarekin.

Ekimeneko parte hartzaileen artean hiriburu eta herrietako hainbat kolektibo dago, baita Pasaia, Errenteria eta Astigarragako udalak ere.