GAUR8 - mila leiho zabalik

Ion Martinez “Txiki”, hogei urte euskaraz umorea egiten

Hogei urte darama antzerkian eta komedian. Euskarazko stand up-a apenas zegoen garaian hasi zen bidea egiten eta orain, aparraldi betean, oholtzatik jaitsiko da. Bere ekarpena egin izanaren sentipenak eta bide bakartiaren nekeak izan dute partea erabakian. Azken bira batekin itxiko du bidea, pozik beste batzuek erreleboa hartua dutelako.

This browser does not support the video element.


Ion Martinez Txikik (Donostia, 1980) hogei urte daramatza antzezle eta komiko lanetan Euskal Herrian barna, areto dotoreetan zein garaje batean palet baten gainean igota. Euskal Herriak kolore eta tamaina desberdinak baititu. «Bidea oso polita izan da, maitasun istorio eder bat. Leku eta jende pila bat ezagutu ditut, Euskal Herriak motor indartsu bat daukala ikusi dut, jende asko musu-truk lan egiten duena. Euskal Herria bizi-bizirik dagoela ikusi dut eta jende asko Lizarran, Maulen edo Balmasedan lanean kulturaren eta euskararen alde. Horrekin geratzen naiz. Lagunak egin ditut toki guztietan».

Ander Lipusi ikasi dio antzerkia edonora eramateko modukoa dela eta bertsolariei ikasi die bertsoa edozein tokitan abestu daitekeela. «Nik printzipio berdina izan dut. Edozein tokitan egin daiteke umorea euskaraz. Egin izan dut Kursaalen, areto dotore batean, eta palet baten gainean Zuberoan».

Hogei urteko bidea egin ondoren, oholtzatik jaisteko garaia dela sentitzen du eta azken bira abiatuko du uztailaren lehenean Irisarrin, EHZ festibalean. Uztailaren 25ean Errenterian izango da eta abuztuaren 13an, Gaztelun. Oraingoz plaza horiek ditu lotuak, baina gehiago izatea espero du. “Euskaldunen jatorria, historia eta irria” izena du azken birarako prestatu duen bakarrizketak. Big bangetik gaur arte, euskaldunen historian barnako bidaia proposatzen du, euskaldunaren garapena umoretik.