GAUR8 - mila leiho zabalik

Natura ondarea kontserbatzeko sentsibilizazio ekintzak egingo dituzte udan Urumearen haraneko aisialdirako guneetan

Hernani, Ereñotzu, Arano eta Goizuetako udalek jakinarazi dutenez, sentsibilizazio-ekintzak izango dira uda honetan Urumea ibaiaren haraneko aisialdirako guneetan. Ingurunearen egoera aztertuko dute eta ekintza zehatzak identifikatzeko partaidetza-prozesuak bultzatuko dituzte.

Urumea ibaia, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Hernani, Ereñotzu eta Goizuetako udalek, Nafarroako Gobernuarekin batera, hainbat ekintza bultzatuko dituzte datozen hilabeteetan, «Urumea ibarraren eta haren ingurunearen garapen iraunkorra bultzatzeko».

Ibaiari lotutako ingurunearen egoera diagnostikatu eta ekintza zehatzak identifikatzeko partaidetza-prozesuak bultzatu nahi dituzte.

Estrategia horren barruan, pertsona bat kontratatuko dute uztailetik irailera bitartean Urumea ibaian zehar dauden aisialdi-eremuetan sentsibilizazio-lanak egiteko, «ingurune naturala errespetatzeko eta inguruko bizilagunekin bizikidetza hobetzeko».

Kontratatutako pertsonak ingurumen-hezkuntzako hainbat tailer eta jarduera egingo ditu, espazioak behatuko ditu, inkestak egingo ditu herritarren artean eta naturgunean bete beharreko araudiari buruzko informazioa emango du.

2004an, Urumea ibaiaren zati bat, Gipuzkoatik igarotzen den tartean, Natura 2000 Sarean sartu zen, Garrantzi Komunitarioko Lekua (GKL) bezalaxe, eta 2012an Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuten, 215/2012 Dekretua onartzearen ondorioz.

Sentsibilizazio-lanak uztaila eta iraila bitartean egingo dira, eta Nafarroako Gobernuak eta Hernaniko Udalak finantzatuko dituzte. Urumeako natura eta kultura-ondareari balioa emateko interpretazio-panelak ere egongo dira.

Udan zehar interpretazio panel berriak diseinatu eta jarriko dira. Panel bakoitzean, informazio orokorra emateaz gain, bertako flora eta faunari eta kultura-ondare nabarmenari buruzko edukiak landuko dira.

Nafarroan jarriko diren interpretazio-panelen kasuan, hau da, Aranon eta Goizuetan, Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren bidez finantzatuko dira, Explora Navarra 2023 Sareko espazio eta ibilbideei emandako dirulaguntzen esparruan.

Erreserba Ugaldetxora ibilgailuz joateko

Bestalde, Ugaldetxo guneari dagokionez, udan, ibilgailuz joanez gero, erreserba egin beharko da udalaren webgunean. Ezingo da erreserbarik egin hiru egunetik gorako epean.

Erreserba egun osorako egingo da (12.00etatik 20.00etara), baina ordutegia aldatu egin daiteke denboraldian zehar, jarrera desegokiak identifikatzen badira. Hernaniko Udalak gogorarazi duenez, «beharrezkoa da erreserba egunean bertaratu ezin duenak aldez aurretik bertan behera uztea».

Gehienez 40 auto sartu ahal izango dira eta, berrikuntza gisa, aurten komun lehorrak jarriko dira. Araututako aisialdi-gunea ekainaren 15etik irailaren 24ra egongo da erabilgarri.

Bestalde, laster hasiko dira Fagollagako aparkalekua egokitu eta naturalizatzeko lanak. Arranbide inguruan, aldiz, Añarbeko presaren sarreran, lanak egingo dira «eremu degradatuak hobetzeko eta ibilgailu motordunen inpaktua minimizatzeko».