GAUR8 - mila leiho zabalik

1936ko gerrako 31 kontakizun: bizitakoa gorde faxismoari aurre egiteko

Gerra frontea baino askoz gehiago da, eta hori da, hain zuzen ere, Iban Gorriti kazetari durangarrak bere azken liburuan islatu nahi izan duena. Bortxaketaz, erbesteaz, fusilamenduez edota traizioez hitz egiten duten bizitza-kontakizunen hari horretara hurbilduko da GAUR8 hurrengo alean, kazetariaren eskutik.

This browser does not support the video element.


1936ko gerraren inguruko 31 bizitza-kontakizun bildu ditu Iban Gorritik ‘31 vidas antifascistas vascas’ (Desacorde) bere azken liburuan. Ez da memoria historikoaren gainean egin duen lan bakarra. ‘31 vidas. El bombardeo contra Durango’ izan zen lehena, gertakari hura bizi izan zutenen bizipenetan zentratuta.

Fokua zabaldu du azken honetan, Euskal Herri mailako testigantzak bilduz. Kazetari durangarrarekin hitz egin du GAUR8k bere azken lanaren inguruan, eta isilarazitako istorio horiek berreskuratzeko beharraz.

Herrialde guztietako pertsonaiak daude liburuan, ideologia antifaxista guztietakoak. Oreka gorde nahi izan du, era berean, generoari dagokionez, emakume eta gizonen lekukotasunen presentzia berdinduz. Iragarri du jada emakume haien omenez hirugarren liburu bat dagoela bidean.

Ez zen hasierako asmoa, baina azaldu duenez, hitzartuta zeukan Candido Saseta komandanteari buruzko lan bat, Jose Antonio Agirre lehendakariaren Gobernuaren argitaratu gabeko garaiko agirietan oinarrituta, baina EAJk beste idazle baten eskuetan jarri du proiektua. Horrek ez du memoria berreskuratzeko bidea itxi, trilogia osatzea erabaki du durangarrak, emakumeek gerran jokatu zuten ezinbesteko papera erdigunean jartzeko.

«Gerrari buruz hitz egitean badirudi gizonek bakarrik bizi izan zutela, agian emakumeek halako bi jasan zutenean», nabarmendu du askotan bigarren plano batean egon diren istorio horietaz. «Ahotsa izan zuten baina bozgorailurik ez», dio Gorritik ikuspegi feministarekin landuko duen hirugarren proiektuak duen izaeraz.

Etorkizuneko belaunaldientzako legatua

Onartzen du kazetari durangarrak memoria historikoa maite duen gaia dela, kazetaritzan aritutako azken 31 urteetan lantzeari utzi ez diona, gainera, pertsonaia ezberdinen kontakizun eta biografietara hurbilduz. Batzuk zuzenean elkarrizketatzeko aukera izan ditu, beste batzuen kasuan familiaren bitartez jaso du istorioa, edo historiagileen eskutik, baina beti datu gehiagorekin aberasten saiatuz.

Errespetu handia sor zaie gerra bizi izan zuten pertsona horiei, azpimarratzen duenez, gisa eskubideen eta askatasunen aldeko bandoan lerrokatu baitziren. Bide Ertzean taldearen hitzak ekarri ditu gogora, «haien taupadak» garela nabarmenduz.

«Ez da autolaguntza liburu bat, baina irakurri ondoren pertsona hobeak izango gara», dio durangarrak. Helburua ere zehaztu du, «haien testigantzak etorkizuneko belaunaldientzat geratzea nahi dut, gizarte osoaren betebeharra da pertsona horiek Euskadiren alde, giza eskubideen eta askatasunen alde borrokatu dutena bermatzea eta babestea».