GAUR8 - mila leiho zabalik

Animaliei bigarren aukera bat eskaintzen

Animaliak eta Landareak Babesteko Gipuzkoako Elkarteak 1997an inauguratu zuen Igeldoko aterpea. Iaz 557 txakur eta 380 katu jaso zituzten. Erdiak baino gehiago berezko jabeek berreskuratu zituzten, baina beste asko adopzioan eman ziren. Ez da egiten duten lan bakarra.

This browser does not support the video element.


Animaliak eta Landareak Babesteko Gipuzkoako Elkarteak urte asko daramatza kalean galdutako edo abandonatutako animaliak jasotzen. Donostia inguruko biztanle askok ezagutuko dute, adibidez, Igeldon duten animalientzako aterpea. Baina elkartearen lana hori baino zabalagoa da eta larunbat honetan hobeto ezagutzeko aukera izango dugu GAUR8n.

«Babesleku hau 1997an inauguratu zen. Elkartea askoz lehenagokoa da, baina instalakuntza hauek 26 urte dituzte», aipatu digu Marisol Zubizaurre zuzendaritzako kideak Kalezar auzoko egoitzara egindako bisitan. «Guztira 117.000 metro karratu hartzen ditu. Alde batetik zelaiak daude, animalia desberdinak lasai egon daitezen, eta bestetik eraikinen multzoa legoke. Katuentzako itxitura eta txakurrentzako txenilekin batera bi pisuko eraikin nagusia daukagu (Zuhaitz-pe izenekoa)».

Datu batzuk lagungarri izan daitezke egiten duten lana ulertzeko. 2022an 557 txakur jaso zituen elkarteak. Horietatik 243 berezko jabeek berreskuratu zituzten eta 244 adopzioan eman zituzten. Katuei dagokienez, 380 iritsi ziren aterpera: horietatik 234 jabeek berreskuratuak izan ziren eta 64 adoptatuak.

«Gure eginkizun nagusia kalean bakarrik dabiltzan txakur eta katuak hartzea da. Ez dira beti abandonatutako animaliak izaten. Kasu askotan galdu egin dira, besterik gabe, eta jabeak bila etortzen dira. Agian beldurtu egin dira, petardo bat lehertu delako adibidez», zehaztu du Marisolek.

Besteen kasuan adopzioan ematen saiatzen dira, modu bikaina delako etxerik gabe geratu diren maskota horiei bigarren aukera bat emateko. Hori bai, prozesua modu oso kontrolatuan egiten saiatzen dira.

«Galdeketa bat egiten dugu pertsona horren profila adoptatuko duen animaliaren profilarekin bat datorren ikusteko. Oso gaztea den txakur batek, geldirik egoten ez dena, ez luke adineko pertsona batekin joan behar adibidez. Hemengo langileek ederki dakite hori eta garrantzitsua da haien gomendioak jarraitzea ezustekorik ez izateko».