GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskaltzaindiaren hiztegian 646 forma gehitu dira eta 1.130 moldatu

Azken eguneraketa honetan gehitu diren sarrera eta azpisarrera batzuk: joño, kieto, gutasun, nabarrismo, pupa, zurgai, mikromatxismo, euskara gaizto, dudan egon, egia berdadero, pott eman, pott egin, ostia txar, negar-marraska, kokorreraino, liburu elektroniko, indukziozko, afariketan...

Euskaltzaindiaren sareko hiztegia. (GAUR8)

Azken sei hilabeteotan, Euskararen Akademiak 646 forma berri jaso ditu bere hiztegian (www.euskaltzaindia.eus). Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2023ko lehen urte erdian egindako eguneraketa jaso dute hiztegian orain. Hartara, 646 forma berri jaso ditu, hain zuzen ere, 295 sarrera eta 351 azpisarrera. Era berean, 1.130 forma moldatu edo findu ditu: 938 sarrera eta 192 azpisarrera. 

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak nabarmendu duenez, «forma berriak landu dira, bai, baina lehendik barruan zegoen informazioari ikusgarritasuna eman zaio eguneratze honetan: sarrerak berrantolatu ditugu, ezkutuan gera zitekeen informazioa bistaratu dugu... Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasunari dagozkionak: emakumeen tratamendua, egungo errealitatea... Eta esaera zaharrak adibidetegitik atera ditugu eta aparteko atal batean jaso. Barruko garbiketa handia egin dugu». Gaineratu duenez, «forma berriak sartzea bezain garrantzitsua (‘edo garrantzitsuagoa’) da lehendik dagoena txukuntzea, eguneratzea, adiera batzuk egungo erabileren arabera berrantolatzea, esapideak eta hitz elkartuak adibidetegitik atera eta azpisarrera egitea, esaera zaharrei atal berezia eskaintzea, eta abar. Kopuruetan beharbada ez, baina hiztegia argiagoa, erabilerrazagoa eta egungo beharretara egokitua izateko lan handia egin da. Eta horretan jarraituko dugu».

Azken eguneraketa honetan gehitu diren sarrera eta azpisarrera batzuk, honakoak: joño, kieto, gutasun, nabarrismo, pupa, zurgai, mikromatxismo, euskara gaizto, dudan egon, egia berdadero, pott eman, pott egin, ostia txar, negar-marraska, kokorreraino, liburu elektroniko, indukziozko, afariketan...