JUL. 16 2023 Gaur X urte Gizakiak lehen aldiz ilargia zapaldu zueneko espedizioa gaur 54 urte abiatu zen Apollo 11 izeneko tripulazioak lehen aldiz ikutu zuen Ilargia, espedizio horrek 1969ko uztailaren 16an abiatu zuen bidaia. Armstrongek esan zuen gaurdaino gogoratzen den esaldia: «Hau urrats txiki bat da gizakiarentzat, baina jauzi handi bat gizateriarentzat». Apollo 11 tripulazioko kideak. (Bianca De Marchi | AAP) GAUR8 Uztailak 21a izango dute gehienek egutegian zein buruan iltzatuta, baina uztailaren 21ean ilargia zapaltzeko, bost egun lehenago abiatu behar zuen espedizioak, gaur 54 urte hain zuzen ere. Apollo 11 zuen izena Ilargia ukitzera iritsi zen lehen espedizio honek. Floridako Kennedy Espazio Gunetik jaurti zen espaziontzia, Saturn V suziri baten bidez, goizeko 10.32etan. Tripulazioa Neil Armstrongek, Edwin E. Aldrin ilargiratze-moduluaren pilotuak eta aginte-moduluaren pilotu Michael Collinsek osatu zuten. Uztailaren 16ko gauean espaziontziaren abiadura mantsotu zen Lurraren grabitate indarraren eraginez. Uztailaren 19an, Ilargiaren atzetik igaro zen espaziontzia eta lehen aldiz Lurrean zeuden lankideekin irrati bidezko kontaktua galdu zuten. Bi egun beranduago iritsi zen horrenbeste itxarondako eguna, uztailaren 21ean, gaueko 22.56etan Armstrongek bere ezker hanka Ilargian jarri zuenean, irratitik horren berri eman zuen bitartean: «Hau urrats txiki bat da gizakiarentzat, baina jauzi handi bat gizateriarentzat». Aldrinek argazkiak atera zituen espaziontziaren barnekaldetik. Armstrongek ingurua aztertu eta grabitatearen indarra frogatu zuen Ilargian, Lurrean dagoenaren seirena zela kalkulatu zuten. 23.41ak aldera, Estatu Batuetako bandera hartu eta ilargiaren gainazalean jarri zuten austronautek. Bien bitartean, komunikabideei adi zeuden herritarrak, telebista bidez zabaldu ziren Armstrongen paseoaren lehen minutuak. Zifrei begiratzen badiogu. Apollo 11ren espedizioak 195 ordu, 18 minutu eta 35 segundu iraun zituen. Eta Apollo programak 24.000 milioi dolarreko inbertsioa suposatu zuen, 400.000 langilek baino gehiagok lanean jardun zutelarik.