GAUR8 - mila leiho zabalik

Nerabeen ingurumen hezkuntzan sakontzea planteatu dute, ezagutza urria ondorioztatu ondoren

DBHko 900 ikasleri egindako inkesta batean, nerabeek hegaztien inguruan duten ezagutza urria ondorioztatu dute ikertzaileek. Ingurumen hezkuntzan sakontzea planteatzen dute, jarduera praktiko eta proiektuen bidez, ingurumen alfabetatzeak kontserbazioarekiko jarreretan duen garrantzia azpimarratuz.

Urdaibaiko padurak, Urdaibai Bird Centerretik ikusita. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, Urdaibai Bird Centerrek burutzen dituen ingurumen hezkuntzako programak oinarri hartuta, ikasleek zenbateraino barneratzen dituzten ebaluatu ditu EHUk ikerketa batean, 908 ikaslek betetako inkesta baten bidez.

Azaldu dutenez, garrantzitsua da ingurumena nola ulertzen den jakitea, ezagutzak eragin izan baitezake naturaren kontserbazioarekiko jarreretan.

Ikusi dutenez, jakintza urria erakusten dute ikasleek hegazti migrazioari eta identifikazioari dagokionean, eta «ingurumenarekiko jarrera egokia erakutsi arren, askok uste dute kontserbazio ahaleginak gehiegizkoak eta garapen ekonomikorako oztopo direla», zehaztu du unibertsitateak ohar batean.

EHUko Matematika, Zientzia Esperimental eta Gizarte Zientzien Didaktika saileko ikertzaileek prestatu dute ikasleek erantzun duten galdetegia. Paduren gaineko pertzepzioa, biodibertsitatearekiko interesa edota kontserbazioaren gainean galdetu zaie, besteak beste.

Helburua zen ikasleen ezagutzaren eta jarreren diagnostiko bat egitea eta ingurumen hezkuntzako programen ebaluazioa egitea.

Kontserbaziorako ahaleginen pertzepzioa

Emaitzei begira, ingurumenarekiko jarreretan ikusitako puntuazio altuak izan baziren ere, askok gehiegizkoak eta garapen ekonomikorako oztopo gisa ikusten dituzte ingurunea kontserbatzeko ahaleginak.

Ondorioztatu dute, bestalde, Biosferaren Erreserban edo inguruan bizi diren eta landa eremutik datozen ikasleek tokiko biodibertsitatearen ezagutza handiago bat dutela, «baita lehen hezkuntzan hegaztietan oinarritutako plan bat gauzatu zuten ikasleek ere».

Unai Ortega ikertzaileak azaldu duenez, ikerketak erakutsi du egun bakar bateko programek eraginkortasun mugatua dutela. Ikertzaileek planteatu duenez, egokia izan daiteke «Urdaibai Bird Centerren ingurumen hezkuntzako programa egokitzea testuinguru formaletan txertatzeko, jarduera praktikoen bidez edo proiektuetan oinarrituz, eta emaitzak sistematikoki ebaluatzea».

Horrelako ebaluazio sistematikoen «luzerako estrategiak» egiten jarraitzea garrantzitsua dela nabarmendu dute, ingurumen alfabetatzean atxikimendu emozionalak duen garrantzia gogoratuz.

Ortegaren esanetan, nahitaezkoa da «sentitzea zaindu beharreko horrek zaintzea merezi duela, baina ingurumen alfabetatzeak ez du gora egin; kontrara, dokumentatuta dago alfabetatze hori gero eta eskasagoa dela».