AUG. 04 2023 Gaur X urte Duela bost urte nagusitu zen Julian Alaphilippe Donostiako Klasikoan Tourrean bi etapa eta mendiko saria lortu ostean, Donostiako Klasikoa bereganatu zuen gaur duela bost urte Julian Alaphilippe txirrindulari frantziarrak, azken metroetan Bauke Mollema garaitu eta gero. Helmugatik 20 kilometrotara izandako erori batek faborito ugari jokoz kanpo utzi zituen. Alaphilippek pozarren ospatu zuen garaipena Donostian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) GAUR 8 2018ko abuztuaren 4ean Julian Alaphilippe frantziarrak Donostiako Klasikoa bereganatu zuen azken metroetan Bauke Mollema neerlandarra garaitu eta gero. Lehen kilometroetan egin zen ihesaldia. Bertan egotea zuen helburu Donostiako Klasikoan estreinekoz aritu zen Murias Taldeak, eta hiru taldekide sartu zituen nabarmendu zen seikotean: Aritz Bagues, Sergio Rodriguez eta Cyril Barthe. Tropelak aldea hartzen utzi zien, baina Jaizkibeleko bi igoerak gerturatu ahala, asko bizkortu zen abiadura, eta argi utzi zen garaipena atzean zegoela. Nahasmen une batean, Dimension Datako txirrindulari baten deskuidoak baldintzatu zuen lasterketa. Tropel buruan erori egin zen eta bere atzetik beste asko. Besteak beste, Gorka Izagirre, Tony Gallopin, Primoz Roglic, Mikel Landa eta Egan Bernal. Kolpeak animoak hoztu zituen tropelean ere eta Murgilerako bidean duda ugari izan ziren. Azken aldapan sartu aurretik Zakarin izan zen aukerak galdu zituena, eroriko berri batekin. Azken metroetan, baina, Mollemak eta Alaphillipek aurre hartu zuten. Donostiako Bulebarrean aurkeztu ziren biak, eta Tourrean bi etapa eta mendiko saria irabazitako frantziarra garbi nagusitu zen esprintean. Podiuma Anthony Rouxek osatu zuen.