AUG. 18 2023 Gaur X urte Leire Olaberriak brontzezko domina lortu zuen Beijingo Olinpiar Jokoetan gaur 15 urte 2008ko abuztuaren 19an Leire Olaberria txirrindulariak brontzezko domina lortu zuen Beijingo Olinpiar Jokoetan. 31 urte zituen eta 4 baino ez zeramatzan txirrindularitzan, atletismoan ibilia bazen ere. Harrera beroa egin zioten Leire Olaberriari Euskal Herrira itzulitakoan. (Jon URBE | FOKU) GAUR8 Leire Olaberriak gaurko egunez duela 15 urte brontzezko domina eskuratu zuen Beijingo Olinpiar Jokoetako txirrindularitzako puntuazio proban. 31 urteko Ikaztegietako txirrindulariak azken esprint batean egin zuen aurrera, eta atleta gisa eskuratutako dohainak erakutsi zituen, diziplina hasi baitzuen bere kirol ibilbidea. Lesioen eta bere gorpuzkera fisikoaren ondorioz, Olaberriak espero zuen bilakaera ez zen ona izan, espainiar Estatuko errekorra hautsi bazuen ere kadete mailako 100 metrokoan. Ilusioa galdu zuen, kiroletik pixka bat urrundu zen, eta turismo-ikasketetan eta lanean jarri zuen arreta. Pistako txirrindularia zen Javier Azkuek bultzatu zuen diziplina hori frogatzera eta 26 urterekin hasi zen Olaberria. Beranduegi zirudien arren, Cepsa-Euskadi taldeko txirrindulariak lehiarekiko ilusioa berreskuratu zuen eta lau urte pasatxoan podium olinpikoan jarri zuen esprinta jo zuen. Hain kirol ibilbide ezohikoa izanik, ez zen harritzekoa izan txirrindulari gipuzkoarra podiumera igotzean hunkitzea, Marianne Vos holandarrarekin eta Yoanka Gonzalez kubatarrarekin batera. Bere markarik onena Pruszkówen, Polonian, egin zuen, 3'38''695, bere Espainiako errekorra hobetuz, Europako omnium txapelketan egin zuen 3000mko jazarpenean. Taldekako Jazarpenean ere espainiar Estatuko errekorra du, Débora Gálvez eta Gloria Rodríguezekin batera (3'32''159).