GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Abentura erraldoia’ filma gaur iritsiko da EAEko zinema aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan

‘Abentura erraldoia’ ikusi ahal izango da gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbait zinema aretotan, Zinema Euskaraz programaren barruan. Sophia eta Wawa txikiaren istorioaren ostean azaroko bi emanalditan izango diren filmak ere aurreratu ditu Zinema Euskaraz programa sustatzen duen Zineuskadik.

‘Abentura erraldoia’ ikusi ahal izango da gaur EAEko zenbait zine aretotan. (Zineuskadi)

‘Abentura erraldoia’ filma gaur estreinatuko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat aretotan, Zinema Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratua dagoen film perutarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da.

Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten ikusiko den zazpigarren filma da, ‘Superheroien familia’, ‘Yuku eta Himalaiako lorea’, ‘Momiak’, ‘Lau ahizpa magikoak’, ‘Mavka: basoaren zaindaria' eta 'Alan giza antena’ lanen ostean.

«Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko» helburua du Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako programak, eta «haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz» arduratzen da, «zinemagintzan euskararen hedapena» bultzatzearren.

Sinopsia ere eskaini du Zineuskadik bere webgunean: Sophia eta Wawa txikiaren istorioa kontatzen du filmak, eta zehazki Nazca kulturan oinarritutako mundu ezezagunera egiten duten «ustekabeko eta aparteko bidaia».

Datozen hilabeteetan proiektatuko diren filmei dagokienez, azaroaren 3an ‘Crazy.Kwai.Boo’ helduko da pantailetara, eta azaroaren 10ean ‘Doaremon eta dinosaurioen irla misteriotsua’.