GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Tim Burton zuzendari estatubatuarrak 65 bete ditu gaur

"Edward Scissorhands" edo "Charlie and the Chocolate Factory" bezalako film ezagunen egilea Kaliforniako Burbank hirian jaio zen 1958ko abuztuaren 25ean. Bere filmetan sortzen dituen irudimenezko munduek eta protagonista misteriotsuek arrakasta handia izan dute.

Tim Burtonek 65 bete ditu gaur. (WIKIPEDIA)

Tim Burton zuzendari, ekoizle, idazle eta diseinatzaile estatubatuarrak 65 urte bete ditu gaur. Kaliforniako Burbank hirian jaio zen 1958ko abuztuaren 25ean eta urte askoan Hollywoodeko sortzaile esanguratsuenetako bat izan da.

Bere filmetan ohikoak izaten dira pertsonaia nahiz giro gotiko eta ilunak, eta sortzen dituen irudimenezko munduek eta protagonista misteriotsuek arrakasta handia izan dute. Bere lanik ezagunenak 90eko hamarkadaren bueltan sinatu zituen.

"Batman", "Batman Returns", "The Nightmare Before Christmas","Edward Scissorhands" edo "Charlie and the Chocolate Factory" izan daitezke bere ibilbide luzean zuzendu dituen film ezagunenak, nahiz eta zerrenda askoz luzeagoa den.

Txikitatik irudimen handiko haurra izan zen Timothy William Burton, eta oso gazterik hasi zen istorioak kontatzen, marrazki bidez kasu askotan. 1976an bukatu zuen batxilergoa eta unibertsitatera joan zen, Kaliforniako Arte Institutura. "Stalk of the Celery Monster" serie animatua egin zuen bertan eta Disneyk egin zion kontratua hurrengo filmetan kolaboratzeko.

Disney konpainiarekin ez zuen arrakasta aipagarririk lortu, baina bertan zebilela ezagututako jendearen laguntza oso garrantzitsua izan zen hurrengo urteetan eman zituen urratsak ulertzeko.