GAUR8 - mila leiho zabalik

Klima aldaketak tomate ekoizpenetan duen eragina moteltzen laguntzeko ikerketan parte hartuko du EHUk

EHUko ikertzaileen parte hartzea duen ikerketa batek klima aldaketak tomate ekoizpenean eragiten dituen kalteak aztertuko ditu landareen eritasun berriei erreparatuz, horiek murrizteko estrategia berriak diseinatzeko. Fungiziden eta beste tratamendu kimikoen erabilera gutxitzea da helburuetako bat.

Tomateen inguruko ikerketaren emaitzak beste labore batzuetan ezartzeko aukera izango dela adierazi dute. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Hiru ikertaldek, tartean EHUko batek, osatutako partzuergoak klima aldaketak tomateen ekoizpenean duen eragina moteltzeko proiektua jarri du abian. Helburua da emaitzen arabera estrategia berritzaile bat garatzea, «beste labore batzuetara zabaldu ahal izango dena, eta nekazaritza jasangarriagoa sustatuko duena».

EHUk azaldu du ohar batean, ikerketek erakusten dutela mundu osoan laboreen errendimendua urritu egingo dela, batez ere klima aldaketaren eragin handiago baten ondorioz. Ingurumenean sortzen ari diren aldaketa horiek direla eta, «baliteke laboreen berariazko patogeno berriak (fitopatogenoak) agertzea, edo lehendik daudenak sarriago edo erosokorrago azaltzea».

Ingurumen baldintza horiek landareengan sortarazten duten estresak grapenaren funtsezko mekanismoetan eragiten dute.

«Klima aldatzen ari den honetan, pentsatzekoa da estresoreek (hau da, estresaren erantzun fisiologikoa ekar dezaketen eragileak), hala nola onddoek, birusek, muturreko tenperaturek eta lehorteek edo horien konbinazioek, eragina izango dutela landareen hainbat maila funtzionaletan, eta nabarmen murriztuko dutela bai ekoizpena eta bai kalitatea» –zehaztu dute–, «landareen eritasun berriek, adibidez onddoek eragindakoek» fungiziden premia are handiago bat ekar dezaketela, nabarmenduz.

Tomatearen aukeraketaren inguruan, fruituak mundu osoan duen garrantzia eta Estatuak ekoizle gisa duen pisua aipatu dute.

Detekzio goiztiarra eta jasangarritasuna

‘Predestom proiektua’ hiru ikertaldek burutuko dute elkarlanean. Zehaztu dutenez, estrategia bikoitz bat garatzen ari dira, «tomate ekoizpen sistemen estres biotiko eta abiotikoari lotutako kaltea gutxitzeko». EHUko ikertzaileen ondoan, Valentziako Unibertsitate Politekniko eta Basozaintzako Menditerraneoko Instutukoak ari dira lanean.

Bestalde, lanak duen proiekzioa azpimarratu dute. Izan ere, nabarmendu dute «estresak laboreen garapenean dituen ondorioak goiz detektatzeak nekazaritza eraginkorragoa garatzen lagun dezakeela, eta aldi berean, fungiziden eta beste konposatu kimiko batzuen erabilera murriztu». Erantsi dutenez, horren ondorioz karbono aztarna eta ingurumenaren kutsadura ere murriztu daitezke, «ekoizpen katea optimizatu egingo da, eta produktuen kalitatea hobetu».