GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur 98 urte jaio zen ‘Amaia’, Eibarko erraketista

Erraketisten munduan ‘Amaia’ ezizenez ezagutzen zuten Mari Carmen Lasagabaster Padilla. Erraketista profesional honek ia 50 urte eman zituen frontoietan.

Mari Carmen Lasagabaster ‘Amaia’ erraketista, Bartzelonako Principal Palacio frontoian, 1950. urtean. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Gaur 98 urte, 1925eko irailaren 1ean, Eibarren sortu zen Mari Carmen Lasagabaster Padilla erraketista profesionala. ‘Amaia’ goitizenez ezagutzen zuten Euskal Herriko eta haragoko frontoietan.

Zortzi anai-arrebetan zazpigarrena zen, eta erraketista zen Ana Mari ahizpa, eta Amaiak ere haren bidea hastea aukeratu zuen. Sorterrian hasi zen erraketaren munduan murgiltzen, ahizparekin, Eibarko Txaltxa Zelai frontoian, baina frontoirik frontoi eman zuen bizitza: Astelena pilotalekuko eskolan hasi zen, eta gero, Madrilgo Chiqui-Jai frontoira joan zen,  formakuntza jarraitzeko. Frontoi honetan egin zuen debuta, 1940ko urriaren 2an, 15 urte zituela.

Emakume erraketistek 25 tantora jokatzen zituzten partidak, eta kinielatan parte hartzen zuten. Ordu asko ematen zituzten frontoian, egunero bi edo hiru partida jokatzen baitzituzten.

1945ean Bartzelonara egin zuen, bertako Principal Palacio frontoian jolastera eta Kataluniako hiriburuko frontoietan jolasten emango zituen beste hiru hamarkada, harik eta 1975. urtean erretiratu zen arte, Principal Palacio itxi zutenean. Orotara, beraz, ia 50 urte eman zituen frontoietan; alkandora, gona zuria eta gerriko urdin edo gorria jantzita.

‘Amaia’ 2011ko abenduaren 20an hil zen, eta handik bi urtera, 2013ko ekainaren 8an, Irurako Frontoian VII. Emakume Pilotari Egunean omendu zuten, beste zenbait erraketistarekin batera.