GAUR8 - mila leiho zabalik

Bizkaian Foruak zin egiteko erabili ohi ziren tokiak eta monumentuak bisitatzeko azken saioak

’Ibilbide historikoak’ programaren barruko azken irteerak irailaren 8tik 17ra bitartean izango dira. Ibilbidean zehar Bizkaiko Jaunek zein tokitan eta monumentutan zin egiten zuten jakingo da. Itxita egon ohi diren eta bisitaldirako zabalduko diren interes historikoko eremuetan sartzeko aukera eskainiko da.

Irudian, Bermeo, Bilbon hasiera duen bisitaldiaren helmuga. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu duen ‘Ibilbide historikoak’ bisitaldien programa irailean amaituko da lurraldeko zin bidea ezagutzeko aukerarekin. Bisitak irailaren 8an, 9an, 10ean, 15ean, 16an eta 17an izango dira, eta ibilbidea hiru etapatan egin daiteke oinez hiru egunetan, edo autobusez goiz bakarrean.

«Gure lurralde historikoaren bihotzetik ibiltzeko eta gure nortasun politikoaren jatorria ezagutzeko era jakingarria izango da, Bizkaiko Jaunek Foruak zin egiteko erabiltzen zituzten tokien bitartez, ondarea, historia, mendi ibiltaritza eta paisaiak uztartuta», azaldu dute foru erakundetik.

Zin bideak Bilbon zuen hasiera, Gernika-Lumon erdigunea eta Bermeon helmuga. Ibilbidean zehar jakingo da Bizkaiko Foruak zein tokitan eta monumentutan zin egiten ziren. Bizkaiko historia eta foruen muina dira esperientziaren ildo nagusia, eta itxita egon ohi diren eta bisitaldirako zabalduko diren interes historiko, artistiko eta erlijiosoko toki eta inguruetan sartzeko aukera eskainiko du.

Irailaren 8, 9, 10, 15, 16 eta 17an izango dira ibilaldiak eta argibideak eskuragarri daude Aldundiaren web orrian, 688 856 689 telefonoan edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikoan.