SEP. 08 2023 Gaur X urte Gaur 47 urte Guardia Zibilak Josu Zabala hil zuen Hondarribian 1976ko irailaren 8an, Alarde egunean, Josu Zabala hil zuen Guardia Zibilak Hondarribian. Manifestazio batean parte hartzen ari zela, bi tiroz hil zuten San Pedro kalean. Tirokatu zuen guardia zibila epaitua eta amnistiatua izan zenez, ez zen kartzelara joan. Hilketaren 40. urteurrenean Josu Zabalari egindako omenaldia. Txapela daramana Mercedes Iridoi da, orduko alkatea. (Andoni CANELLADA | FOKU) GAUR8 Franco diktadorearen heriotzatik urtebete baino gutxiagora, 1976ko irailaren 8an, duela 47 urte Hondarribiako Alarde egunean Josu Zabala 24 urteko gaztea tiroz hil zuen Guardia Zibilak manifestazio bat desegin ondoren. Irundarra zen Josu Zabala Erasun eta sei anai-arrebetako gazteena zen. Duela 47 urteko arratsaldeko alardearen ostean Eduardo Moreno ‘Pertur’ ETAko kidearen desagerpena salatzeko manifestazioan parte hartu zuen. Antonio Tejero gobernadore zibilak zin egin zion Mercedes Iridoi alkateari Guardia Zibila ez zela herrira sartuko, istiluak ekiditeko. Hala ere, protestan bildutakoak indarrez sakabanatu zituzten guardia zibilek eta batek Zabala bi aldiz tirokatu zuen bularrean. Gainera, beste bi pertsona balaz zaurituak izan ziren. Zabalaren autopsia militarrek egin zuten, Donostian, eta heriotzaren arrazoia «bizkarrezurraren haustura» eta «hemiperitoneo handia» izan zela ondorioztatu zuten, bala-zauriak aipatu gabe. Ondoren, tirokatu zuen guardia zibila epaitua eta amnistiatua izan zen 1977an, beraz, ez zen inoiz kartzelara joan. Biharamunean hilketa salatzeko manifestazio bat egin zuten herrian eta hainbat zauritu egon ziren orduan ere. Hil zuten tokian loreak jarri zituzten eta paretan balaren arrastoa markatu zuten, «hemen Zabala hil zuten» zioen pintada batekin. Familiarentzako dohainak ere bildu zituzten eta Josu Zabalaren amak mezetarako, panteoi baterako eta oroitzapenezko plaka bat jartzeko erabili zituen.