SEP. 18 2023 ‘Arakatu! Urdaibaiko zorupea’ erakusketa abenduaren 10era arte Ekoetxean ikusgai Urdaibaiko zorupearen begirada sakona eskainiko du abendura arte Urdaibaiko Ekoetxean ikusgai egongo den ‘Arakatu! Urdaibaiko zorupea’ erakusketak. Doako ekimena da, eta inguruaren balio ekologikoa nabarmendu nahi du, hura babesteko. Urdaibaiko Biosfera Erreserbak duen balio ekologikoa nabarmendu nahi du erakusketak. (Andoni CANELLADA | FOKU) GAUR8 Urdaibai Ekoetxeak ‘Arakatu! Urdaibaiko zorupea’ erakusketa izango du ikusgai abenduaren 10era arte. Eskualdeko leku ezkutuak ezagutzera gonbidatzen duen argazki bilduma «ikusgarri» gisa deskribatu dute eduki berria, doakoa da eta hezeguneak bezalako habitatek biodibertsitaterako duten garrantzia nabarmentzen du. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako ondare kulturala eta naturala zabaltzea da erakusketaren helburua, hura babesteko, azaldu dute Ekoetxetik. Urdaibaiko Biosfera Erreserbak 22.000 hektarea inguru hartzen ditu, eta balio ekologiko handiko eremua da. Kareharrien iragazkortasunaren ondorioz, ur-gordailuak gordetzeko duen gaitasuna azpimarratu dute. Urdaibain, edateko uraren beharraren zati handi bat lurpeko ur horien aprobetxamendutik datorrela adierazi dute, «nahikoa arrazoi lurzoru horien gainean ahalik eta babes handiena izateko». Erakusketa gune honek, birtualki bada ere, Urdaibain dauden kobazulo ugarietako batzuk zeharkatzeko aukera ematen du. ADES Espeleologia Elkarteak 2010ean egin eta Lakuako Gobernuak argitaratu zuen ‘Urdaibaiko haitzuloen eta leizeen katalogoak’ 233 barrunbe erakusten ditu. Lurpeko galeriak eta bidezidorrak Hamahiru urte geroago, ADESeko espeleologoen miaketek «ezagutza bikoiztu dute, bai barrunbe kopuruari dagokionez, bai lurpeko galeria eta bidezidor kopuruari dagokionez». Erakusketako panel bakoitzak QR kode bat darama erantsita, erakutsitako barrunbe bakoitzari buruzko informazio zabalagoa eskuratzeko aukera ematen duena: testuak, argazkiak, bideoak, aurkezpenak eta web-helbideetarako estekak.