SEP. 20 2023 Gaur X urte Gaur 115 urte hil zen Pablo Sarasate Biarritzen Pablo Sarasatek arrunt berritu zuen biolina jotzeko modua. 1844n Iruñeko San Nikolas kalean sortua, instrumentuari soinu goxo eta garbia ateratzen zion, berebiziko teknikarekin. ‘Jota aragonesa’, ‘Romanza andaluza’, ‘Caprice Basque’, ‘Zapateado’, ‘Zigeunerweisen’, ‘Habanera’ eta ‘Aires navarros’ dira biolinerako konposatu zituen lan batzuk. Gaurko egunez zendu zen, 1908an, 64 urte zituela, Villa Navarra Biarritzeko etxean, biriketatik eri. Pablo Sarasate maisua izan zen biolinarekin. Irudia, 1906koa da, hil baino bi urte lehenagokoa. (WIKIPEDIA) GAUR8 Duela 115 urte hil zen Pablo Sarasate musikari eta biolin jotzaile aparta, Biarritzen zuen etxean, Villa Navarran. Biriketako gaixotasun batek eraman zuen, 64 urterekin. Iruñeko San Nikolas kalean jaio zen, baina bi urte baino ez zen bizitu bertan. Ama, Javiera Navascues, Orbaizetako olakoa zuen, eta aita, Miguel Sarasate, iruindarra. Musikari militarra zen, eta Pablok bi urte zituela Valladolidera bidali eta hara aldatu zen familia osoa. Gero, Santiago de Compostelan eta Coruñan bizi izan ziren. Hiri horietan guztietan biolin irakasle onenekin ikasi zuen. Zazpi urte zituelarik eman zuen lehenbiziko kontzertua, Coruñan. Hamaikarekin, Elisabet II.a erreginaren aitzinean jo zuen. Umearen maisutasunak liluraturik, erreginak pentsio bat ematea erabaki zuen Parisen ikas zezan. Amarekin abiatu zen hara eta zenbait kontzertu eman zituen bidean, Iruñean eta Donostian besteak beste. Abuztuan, ordea, Baionara iritsitakoan, ama koleraz eritu eta hil egin zen. Ignacio Garcia Etxeberria kontsul espainiarrak haren ardura hartu eta hiriburu frantziarrera eraman zuen.Bertan, bikote batek hartu zuen etxean. Maila handiko kontserbatorioan ikasi eta nabarmendu ondotik, Ikasketak amaitu ondoren, Europan eta Ameriketan barna ibili zen kontzertuak ematen eta arrakasta itzela izan zuen. Haren omenezkoak dira Iruñeko Sarasate pasealekua, Pablo Sarasateren monumentua eta Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionala. Kondestablearen jauregian Pablo Sarasate museoa dago.