OCT. 04 2023 Gaur X urte Duela 110 urte inauguratu zen Atotxako futbol zelaia Atotxako futbol zelaia, Egia auzoan kokatua, 1913ko urriaren 4an inauguratu zen Athleticen aurkako partida batean. Hiru goleko berdinketarekin bukatu zen, eta lehen gola Pichichi bisitariak sartu zuen. Realak eta Athleticek 3-3 berdindu zuten Atotxako lehen partidan. (Iñaki ZALDUA | WIKIPEDIA) GAUR8 Atotxako futbol zelaia, Egia auzoan kokatua, Realak bere historian izandako bigarren estadioa izan zen eta ia 80 urteko bizitza izan zuen. 1913ko urriaren 4an inauguratu zen Athleticen aurkako partida batean, hiru goleko berdinketarekin bukatu zena, eta lehen gola Pichichi bisitariak sartu zuen. Atotxako estadioa Donostiako Txirrindulari Klubaren belodromoaren gainean altxatu zen. Urte hartan, hiria suntsitu zuen sutearen lehen mendeurrena ospatzen zen, eta, horri esker, denbora bat geldirik zeramaten herri-lanak egin ziren. Estadioak 26.700 ikusle inguruko edukiera izan zuen. Harmailen eta zelaiaren arteko tartea oso txikia zen, eta lau harmaila zituen, tribuna zahar-zaharrekin. Hondoek ez zuten eserlekurik, eta jendeak zutik ikusten zuen futbola. UEFAk ezarritako estandarrak ez zituen betetzen, eta birmoldaketak kostu handia zekarren. Gainera, ondoko eraikinek zailtasunak zekartzaten, eta 90eko hamarkadaren lehen erdian Anoeta estadiora lekualdatzea eragin zuten. Zelai honetako partida ofizialeko azken gola Oceanok sartu zuen, 1993ko ekainaren 13an, Teneriferen aurkako Ligako partidan. Azkenean, 3-1 irabazi zuten etxekoek. Egun batzuk geroago, ekainaren 22an, Realaren eta Euskadiko Selekzioaren arteko partida bat ospatu zen. 1993-94 denboralditik aurrera Realak Anoeta Estadio berrian jokatzen du. Atotxako estadio zaharra beste urte batzuetan ere mantendu zen, eta errugbi talde batentzat entrenamendu-zelai izan zen, eraitsi aurretik, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko.Gaur egun, plaza bat dago estadioa hartu zuen lekuan. Plazari hamarkada bat baino gehiagoz Hirutxulo Plaza deitu zitzaion, harik eta 2011n udalbatzak izena aldatzea eta Atotxako Zelaia Plaza izena jartzea erabaki zuen arte, zelai zaharraren oroitzapenari eusteko moduan.