GAUR8 - mila leiho zabalik

Knörr beken hirugarren edizioa jarri dute abian Arabako Foru Aldundiak eta EHUk

Araban euskararen ikerketa bultzatzen duten Knörr beken hirugarren edizioa jarri dute abian Foru Aldundiak eta EHUk elkarlanean. Izena emateko epea azaroaren 15ean amaituko da.

Korrikaren azken edizioa Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arabako Foru Aldundiak eta EHUk Henrike Knörr beken hirugarren edizioa jarri dute abian, Arabako Lurralde Historikoan euskararen erabilera helburu duten ikerlanak sustatu eta bultzatzeko.

Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatuak nabarmendu du emandako bekek «euskararen ezagutza aberasten duten lau proiektu interesgarri bihurtu » direla.

Euskararen erabilerari buruzko ikerketa lan monografikoak eta master amaierako eta gradu amaierako lan proiektuak sustatu nahi ditu deialdiak, baita Henrike Knörr omendu ere.

Eskabideak aurkezteko epea 2023ko azaroaren 15ean amaituko da. Sari bakoitzak 2.000 euroko gehieneko zuzkidura du. Proposamenak deialdian agertzen diren irizpideen arabera baloratu eta puntuatuko dira, proiektuaren xedea eta interesa, Araban euskararen erabilera normalizatzeko egiten duen ekarpena, ebaluazio orokorra, garapen-maila, bideragarritasuna, curriculum vitae eta espediente akademikoa eta masterraren amaierako lana bezalako irizpideak kontuan hartuz.

Aurreko edizioetako lanak

Lehenengo edizioan bi beka eman zitzaizkien Mikel Perez eta Iker Ondartzari, Gasteizko gazte elebidunen hizkuntzak eta Arabako euskalkia aztertzeko. Mikel Perezen lanak, adibidez, jarraipena izan du eta BAT aldizkarian argitaratuko dute.

Bigarrenean, beketako bat Mikel Gartziarenak jaso du, ‘Hizkuntza-sinesmenak eta haur eta lehen hezkuntzako etorkizuneko irakasleen jarrerak: euskararen egoera eta erronkak Arabako hezkuntza eleaniztunean’ izenburupean.

Beste beka Ane Egañarentzat izan zen, ‘Gasteizko guraso euskaldunen hizkuntza politikak: ikerketa baterako proposamena’ lana burutzeko.