GAUR8 - mila leiho zabalik

Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa Euskaldunan egingo dute larunbatean

Bizkaiko emakume sortzaileak elkartzeko, hausnartzeko eta talentuak agerian jartzeko espazioa den BEST Euskalduna Jauregira itzuliko da larunbatean, solasaldi, ikuskizun eta proposamen berriekin, argazkilaritzarekin oso lotuta egongo den edizio batean.

Adriana Bilbao dantzariak ikuskizuna eskainiko du arratsaldean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketa (BEST) Euskalduna Jauregian izango da larunbatean. Arte diziplina ezberdinetako emakume sortzaileei zuzendutako hitzordua da, «batzeko espazioa» eta «talentoa eta sormena agerian» jartzeko aukera ematen duena, nabarmendu dute antolatzaileek.

Edizio honek, gainera, Eulalia Abaitua argazkilaria omenduko du, eta leku berezia eskainiko dio argazkilaritzari, nabarmendu dutenez. Egitaraua 10.00etan abiatuko da, eta «hitza» izango du hizpide goizean, aldi bereko interpretazio zerbitzua izango duten bi solasaldirekin.

Sortzaileen beharrei buruzkoa da lehen proposamena. Eire Larrea dantzaria, Kristina Mardaras bertsolari eta irakaslea, Eider Iturriaga argazkilaria eta Agurtzane Intxaurraga zine eta antzerki zuzendaria bilduko ditu lehen mahai inguru horrek.

June Fernandez kazetariak gidatuko du lehen mahai-inguru hori eta horren ondoren egongo den bigarrena, 12.15etik aurrera, Irantzu Varela kazetaria, Uka Dotline tatuatzailea, Olatz Gorrotxategi antzerkigilea eta Izaro Ieregi artista plastikoaren parte hartzearekin. Solasaldi bien ostean, ideiak partekatzeko dinamika parte-hartzaile bat egingo da Artaziak Koop-ekin batera.

Emakumeek egindako garagardoa

Dantza, antzerki eta musika ikuskizunak izango dira arratsaldeko protagonistak. Iholdi eta Ibabe Beristainen antzezlana, Lorelei Greenen musika emanaldia eta Adriana Bilbaoren dantza ikuskizuna izango dira proposamenetako batzuk, eta Bogako eta Txika de la Cervezako emakumeek egindako artisau garagardoa dastatzeko aukera izango da.

Bertsoak, bakarrizketak eta bat-batekotasuna uztartuko dituen ‘Bertsopotorre’ ikuskizuna eskainiko dute 17.30ean, Ane Lindanek, Raquel Torresek, Maria Blancok, Mirari Matiarenak, Oihana Bartrak, Jone Larrinagak, Maite Sarasolak eta Nerea Ibarzabalek.

Bestalde, Eider Iturriaga, Sil Skynet eta Mara McMillerren argazki erakusketa egongo da ikusgai egun osoan zehar. Adingabeak zaintzeko zerbitzua eskainiko dute antolatzaileek, eta emakume sortzaile bizkaitarren lana jorratu eta ikusgarritasuna emateko podcast bat sortuko dute Bizkaia Irratiarekin.

Topaketan parte hartzeko beharrezkoa da BESTen webgunean izena ematea. Bertatik, gainera, Streaming bidez jarraitu ahal izango da.