OCT. 19 2023 Estitxu Fernandez: «Indarkeria obstetrikoa indarkeria matxista da» Estitxu Fernandez Maritxalar psikologo perinatala da eta indarkeria ikusezin bati ahotsa jarri dio "Sortze berri bat, indarkeria obstetrikorik gabea" liburuan, sistema zuzenean seinalatuz, gainera. Batez ere amen testigantzaz osatutako lan kolektiboa da. This browser does not support the video element. Maider Iantzi "Sortze berri bat, indarkeria obstetrikorik gabea" liburua ondu du Estitxu Fernandez Maritxalar psikologo perinatalak. Lesakarrak indarkeria mota horren nondik norakoak azaldu dizkio GAUR8ri. «Lehenengo araua, muturrera eraman behar dena da zer nahi duen emakumeak. Aditu zaio? Errespetatzen da? Esplikatu zaio dena eta erabaki dezake? Gaur egun, oraindik, anitzetan ez. Bere partez erabakitzen da. Indarkeria obstetrikoaren definizioen artean Jesusa Ricoy Olariaga aktibistarena gustatzen zait: jarraipen gineko-obstetrikoan ematen diren zenbait praktika edo jarrera dira, ahoz zein ekintzaz, amen eta umeen erabakiak, desirak, eskubideak, beharrak, emozioak eta duintasuna kontuan hartzen ez dituztenak. Hori da ikusten duguna, izebergaren punta, indarkeria zuzena. Fisikoa normalean gehiegizko medikalizazio bat izaten da, ez ulertzea hamarretik zortzi erditze fisiologiko normalak direla. Bi bai, arrisku handikoak dira eta eskerrak teknologia. Bertzetik, indarkeria psikologikoa ez informatzea da, emakumearen erabakiak ez errespetatzea», dio egileak larunbat honetan argitaratuko dugun elkarrizketa sakonean. Izan ere, gehienetan ezkutuan geratzen den indarkeria da, eta hori azaleratu nahi izan du egileak bere lanean. «Hagitz inportantea da hori, emakumeen kontrako indarkeriarik ikusezinena delako. Testigantzetan, ama batek, Iratik, galdetzen du: indarkeria matxista jasan duten emakumeen telefonora deitzen badut erranez indarkeria obstetrikoa pairatu dudala ospitalean, onartuko dute? Inork ez du horrela ikusten, baina indarkeria obstetrikoa emakumeen kontrako indarkeria da. Ez pentsa erraza egin zaidanik liburua ateratzea: zalantza egin dut, beldurra sentitu dut. Ez da proiektu inola ere partikular bat, erabat kolektiboa dela sentitzen dut».