GAUR8 - mila leiho zabalik

Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdira lanak aurkezteko epea azaroaren 27ra arte egongo da zabalik

Urtarrilaren 24tik 26ra Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia egingo dute Aretxabaletan. Lanak azaroaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dira, euskal sorkuntza bultzatu nahi duen Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen ekimenean.

Irudian, jaialdia antolatzen duen lantaldea. (Huhezinema)

Euskal Herriko sortzaileen laburmetrai eta bideoklipen erakusleiho bat izateaz gain, lan onenak ere saritzen ditu Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiak. Urtarrilaren 24, 25 eta 26an egingo dute edizio berria, eta lanak aurketzeko epea zabalik dago azaroaren 27ra arte.

Aretxabaletako Arkupen izango den jaialdiaren emanaldi berriaz, ikusleentzat suposatzen duen «esperientzia aberasgarria» azpimarratu dute: «hiru egunez, ikusleak hunkitu, inspiratu eta entrenitzeko moduko laburmetraiak» ikusi ahal izango direla nabarmenduz. Horren ondoan, hitzorduak bilduko dituen jardueren bidez «ospakizun kolektibo bihurtu» nahi dute zinearekiko grina.

Saritan 4.000 euro banatuko ditu jaialdiak. Sail ofizialean, ‘Huhezinema saria’ (800 euro) egongo da euskarazko film onenarentzat, laguntza publikorik gabeko film onenak (500 euro) beste sari bat izango du, baita ikusleen saria ere (100 eurotan baloratutako oparia). Finalista guztiek 150 euro jasoko dituzte.

Ikasleen sailaren barruan, ikasle film onenaren saria (300 euro), Mondragon Unibertsitateko ikasleek egindako ikus-entzunezko lan onena saritzen duen MU saria (200 euro) eta ikusleen saria (100 eurotan baloratutako oparia) banatuko dituzte.

Bideoklipen sailean eskuratutako sariei dagoniekez, bideoklip onenaren saria (300 euro) eta ikusleen saria (100 eurotan baloratutako oparia) aurreikusten ditu deialadiak.

Mundukide saria (700 euro) jasoko du, bestalde, giza eskubideak eta justizia soziala egokien txertatzen dituen film laburrak, eta aktore onenaren saria (150) ere badago jokoan.

Izena emateko inprimakia bete behar dute parte hartzaileek, eta deialdiaren oinarriak eta informazio guztia webgunean dago eskuragarri.