GAUR8 - mila leiho zabalik

Inoizko azterlan gehien jasotzen duen ‘Astola’ urtekaria aurkeztu dute

‘Astola’ urtekariaren azken alea aurkeztuko du ostiralean Gerediaga Elkarteak Durangon ekitaldi publiko batean. «Inoizko azterlan gehien» jasotzen duen alea da, eskualdeko gai ugariren ingurukoak, nabarmendu dutenez.

‘Astola’ urtekariaren azala, irudian. (Gerediaga Elkartea)

Durangaldeko hainbat gairen inguruko ikerlanen bozgorailua izan ohi da Gerediaga Elkarteak argitaratzen duen ‘Astola’ urtekaria. Aste honetan ale berria plazaratu berri du, «inoizko azterlan gehien» jaso dituena, 17. zenbakia da eta ekitaldi publikoan aurkeztuko du ostiralean (urriak 27).

Eskualdeko historia, ondarea eta kultura gaiak jorratzeaz gain, «Durangaldeari eragiten dieten gaien gaineko lanak» argitaratzen ditu, «arlo ezberdinetako profesional eta adituen kolaborazioari esker».

Azken aleak eskualdeko ikerlari gazteei zuzendutako ikerketa lehiaketan saritutako lana jasotzen du. Jorratutako gaien artean, beraz, Xixili Bengoetxea Llonak 1950eko hamarkadan Otxandion izan zen arrain kontserba fabrikaren inguruko ikerketa dago, baita Aitziber Gonzalez Garciak Elorrioko liñaputzuen gaineko lana edota Izaskun Ellakuriaga Bustinzak pasa den uztailean 100 urte bete zituen Zaldibarko ospitalari buruzko azterlana dago.

Besteak beste, ‘Durangaldeko saguzarren behin-behineko inbentarioa’ eta Atxuriko kobaren gainean Aitor Montero historialariak osatutako lana ere badaude azken urtekarien orrialdeetan.

Urtekaria 5 euroan dago salgai, eta ostiralean, 20.00etatik aurrera, Durangoko udaletxe plazan aurkeztuko dute ekitaldi publiko batean.