GAUR8 - mila leiho zabalik

Kontsumobidek eta EHUk unibertsitateko ikasleei prestakuntza emango diete kontsumoaren alorrean

Kontsumobidek eta EHUk elkarlanean kontsumoaren alorreko eskubideen inguruko prestakuntza eskainiko diete Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleei. Ikastaroa online egingo dute eta zabalik dago izena emateko epea.

Kontsumoaren inguruko prestakuntza eskainiko diete EHUko ikasleei. (Ibai BIRTXINAGA | EHU)

Kontsumobidek, hots, Kontsumoko EAEko Institutuak 2023-2024 ikasturtean prestakuntza-proiektu bat jarri du abian Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleentzat, gazteen emantzipazio-prozesuan kontsumoarekin lotuta erabilgarriak diren tresnak eskaintzeko asmoz. Dagoeneko 87 lagunek eman dute izena ikastaroan.

EHUk jakitera eman duenez, «ekimen aitzindaria» da EAEn, eta ikasleei kontsumo-araudia, kontsumitzaileen eskubideak eta kontsumo arduratsu eta jasangarria egiteko oinarrizko kontzeptuak ezagutaraztea du helburu. «Kontsumo-ohituretan gertatzen diren aldaketak, neurri handi batean, gazteek sustatzen dituzte, emantzipatzean kontsumitzaile autonomo bihurtzen baitira», azaldu dute. Horregatik, Kontsumobidek prozesu horretan laguntzeko asmoa agertu du, kontsumoaren arloan dituzten eskubideei buruzko prestakuntza eta informazioa emanez.

25 orduko dedikazioa eskatzen duen prestakuntza-jarduera honi ‘Ba al zoaz etxetik? Bizirauteko oinarrizko kita’ deitu diote, eta Kontsumobidek eta EHUk sinatutako lankidetza-hitzarmenaren baitan dago.

Prestakuntza-ibilbidea amaitzean, parte-hartzaileek kontsumitzaile gisa dituzten eskubideak defendatzeko tresnak eta informazioa izatea eta kontsumo arduratsua egiteko gai izatea da helburua.

Zazpi gai jorratuko dituzte ikastaroan: berritasunak kontsumoaren arloan; etxebizitzaren alokairua edo erosketa; etxeko ekonomia; etxeko hornidurak; erosketa eta etiketatzea; banku eragiketak eta zerbitzuak; eta kontsumo soziala eta ekologikoa. Gai bakoitzak erronka bat dakar berekin, eta, beraz, parte-hartzaileek erronka horietako bati aurre egin behar diote astero, eta, gainditutakoan egingo dute aurrera.

Ikastaroa EHUk eskaintzen dituen gradu eta graduondokoetako ikasleei zuzenduta dago, eta online egingo da, parte-hartzaile bakoitzaren erritmoan, gai bakoitza landuko den astearen barruan. Tutoretza-zerbitzua ere badu, zalantzak edo kontsultak argitzeko.