GAUR8 - mila leiho zabalik

Tokiko diseinatzaileen talentua eta jasangarritasuna, Getxo Modaren ardatz nagusiak

Modari eskainitako astea izango da hurrengoa Getxon. Tokiko diseinatzaileen lana, jasangarritasunaren aldeko apustua eta ekoizpen prozesu osoa herrian egiteko bezalako balioak nabarmenduko dituzte disenatzaileen eta dendarien lanen bidez. Borja Hernandez (BHU) diseinatzaile getxoztarrak Getxo Modak zer suposatzen duen azaldu du.

This browser does not support the video element.


Getxon, moda-pasabideak Bizkaiko diseinatzaile berrien eskuetan utziko ditu Getxo Modak datorren astean. Tokiko diseinatzaileen eta proposamen berrien erakusleiho izan ohi den ekitaldiak jasangarritasunaren balioa ere nabarmendu nahi du bere 36. edizio honetan, tokiko moda marka askok ekoizpen iraunkorreko praktikei lotuta baitaude.

Ekitaldiak, gainera, turismoa indartu nahi du, Bilbo metropolitarreko bisitariak erakarriz.

Desfile nagusia Arriluzeko zelaian izango da azaroaren 10ean, 20.00etatik aurrera. Hiru moda-pasabide izango ditu, eta ia mila metro karratuko karpa erraldoi batek babestuko du modaren, osagarrien eta edertasunaren munduko azken bildumak eta berrikuntzak.

Juan Carlos Mesa Bouzas diseinatzaile ezagunaren Maison Mesa eta Paul Garcia de Oteyza madrildarraren desfileak izango dira. Tokiko diseinatzaileek beste desfile bat izango dute, eta hirugarren bat egongo da herriko dendariek eskainita.

Gonbidatuen artean, Lewin Ventura, Janire Sevigne eta Jeni-fer Sebastian diseinatzaile bizkaitarrak daude, eta ondoan, hiru sortzaile getxoztar: Maitane Vega ehun sostenigarriekin lotutako sormen proiektuaren buru dena, ehun plisatuak ikur eta tokiko produkzioa ardatz duen Borja Hernandezen proiektua; Novelle, eztei-jantzietan espezializatua; Charo Alvarez atelierra, Isabel Quiñones Nothing markako poltsen sortzailea eta Galata, artisau ehunen sorreran aritzen dena.

Neurrirako patroiak garatzen eta ehun plisatuetan espezializatuta dagoen Borja Hernandez BHU Getxo markako diseinatzaileak nabarmendu duenez, aukera paregabea da sortzaile berrien proposamenak ezagutarazteko, eta bultzada da, gainera, egiteko era bat defendatzen duten sortzaile berrientzat, jasangarritasunari lotutako balioak eta hasieratik amaierara arte tokiko produkzioan oinarritzen diren lanei balioa emateko.

Erakusketa 6tik 10era

Ostiraleko desfileekin batera, beste jarduera batzuk izango dira hurrengo egunetan Getxon, dendariei zuzenduta, moda, osagarriak eta edertasunaren sektorea sustatzeko. Negozioen irudia lantzeaz gain, haien produktu eta zerbitzuak ezagutaraztea dira helburuak. Horretarako, hainbat argazki eta bideo saio programatu dira, ekitaldia eta parte hartzen duten establezimenduak sustatzeko.

‘Coaching’ saio bat eta optimizazio ikastaro desberdinak antolatu dira, bestalde, merkatarientzat, denden ikus-inpaktua optimizatzeko helburuz: «klase magistralak aurreikusten dira hainbat arlotako adituekin hala nola marketinari eta branding-ari buruzkoak, moda diseinatzaileentzat eta merkatarientzat», azaldu dute antolatzaileek.

Erakusketa bat egongo da 6tik 10era denboraldi berriko proposamenekin eta networking gune bat egokituko dute tokiko merkatarientzako, ikus-entzunezko eta argazki-ekoizle, modako estilistekin eta makillaje eta ile apainketaren arloko adituekin.