GAUR8 - mila leiho zabalik

Musika emanaldiak ostiralero Mungian, ‘Udazkenean Musikaz Blai’ ekimenaren barruan

Azaroaren 10etik abenduaren 15era, ostiraletan zuzeneko musika emanaldiak izango dira Mungiako kaleetan, «herria dinamizatu eta mungiarrei eta bisitariei aisialdirako alternatibak eskaintzeko».

‘Udazkenean Musikaz Blai’ programaren aurkezpena. (Mungiako Udala)

Abenduaren 15era bitarte, zuzeneko musika emanaldiek girotuko dituzte Mungiako kaleak 20.00etatik aurrera, ‘Udazkenean Musikaz Blai’ programari esker. Herria «dinamizatzeko eta mungiarrei eta bisitariei aisialdirako alternatibak eskaintzeko» helburuz jarri dute abian edizio berria. Bihar bertan (hilak 10) abiatuko da egitaraua.

Udalak aurreratu duenez, «sei musika taldek joko dute udalerriko hainbat tokitan modu ibilitarian». Estilo desberdinak bilduko ditu programak, euskal musika tradizionaletik mariatxien doinuetara. Edizio honetan, Eingo, Josepa Kalez Kale, Kittu, Monstruos de la Universal, Sugarri, Taberna Ibiltaria eta Roberto Urrutia & Mariatxis daude programaren karteldegian.

Butroi, Aitza Zameza Zubiaga eta Lauaxeta Olerkari kaleetan estreinatuko da bihar programazioa. Elordugoitia Trobika, Aita Arrupe kaleetan eta Foruen plazan izango da hurrengo emanaldia (azaroak 17) eta hilaren 24ean, azaroko azken ostiralean bi zonaldetan banatuko da musika eskaintza: Aritz Bidea eta Erribide kaleak, eta Aita Elorriaga, Mastibarrena eta Arana Goiritar Sabin kaleetan.

Musika eskaintza hau ‘Mungia Indartzen’ programaren zati da. Udal iturriek azaldu dutenez, pandemian zehar sortu zen herriko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko asmoz eta mantendu egin dute «tokiko negozioei laguntzen jarraitzeko».