GAUR8 - mila leiho zabalik

Programazioa indartu du BBK Sasoikok hitzaldiak eta tailer berriak eskainiz

Azken hiruhilekoko progamazioa indartu du BBK Fundazioaren Sasoiko programak. Azaroko ostiraletan espazioa izango da gai nagusia, eta «Unibertsoan bizitza bilatzea» da hilaren 11ko lehen proposamena.

Bilboko Alde Zaharreko Erronda kalean dago Sasoiko gunea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Erronda kaleko BBK Sasoiko guneak hitzaldiak eta tailer praktikoak biltzen dituen eskaintza berritua plazaratu du azken hiruhilekorako. Ostiraletan izango dira jarduerak.

Azaroa espazioa esploratzeko hilabetea izango da. Hilaren 10a, 17a eta 24a eta abenduaren 1a azpimarratu behar dira egutegian. Goizez izango dira hitzorduak, 10.00etatik 12.00etara.

Agustin Sanchez Lavega EHUko Espazio Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Masterreko zuzendariak emango du lehen hitzaldia bihar, ‘Planetak: Unibertsoan Bizitza Bilatzea’.

Jose Felix Rojas Zientzia Fisikoetan doktore eta EHUko Planeta Zientzien Taldeko ikertzaileak azaroaren 17ko hitzaldia eskainiko du: ‘Suziriak: espazio-propultsioa’.

Azaroaren 24an, bestalde, ‘Bidaia Unibertsoan zehar’ gaia jorratuko du Santiago Perez Hoyos fisika doktoreak EHUn, eta abenduaren 1ean, ‘Euskal industriak lasterketa aeroespazialari egiten dion ekarpena’ azalduko du Sener-eko Jokin Zabalak.

Programari buruzko informazioa eskuragarri dago webgunean. Parte hartzeko, izena eman behar da bertan edo aurrez aurre Sasoiko gunean bertan.

«Lan-etapa amaitzen ari diren baina aktibo jarraitu nahi dutenen parte hartze soziala modu berritzailean sustatzeko» ekimena da BBK Fundazioak bultzatzen duen Sasoiko programa.