NOV. 11 2023 Gaur X urte Gaurko egunez inauguratu zuten Bilboko metroa 1995ean Gaur dira 28 urte Bilboko Metroa inauguratu zutela. Egun hiru linea ditu, Bilboaldea zein Uribe Kosta lur azpitik zeharkatzen dituztenak, milioi bat biztanle ingururi zerbitzua emanaz. Bilboko metroa, 2020an. (Aritz LOIOLA | FOKU) GAUR8 1995eko azaroaren 11n, hots, hamaikaren hamaikan eta goizeko 11.11ean inauguratu zuten Bilboko metroa. Ekitaldian Jose Antonio Ardanza lehendakaria, Josu Ortuondo Bilboko alkatea eta Josu Sagastagoitia Metro Bilbaoren gerentea izan ziren, besteak beste. Ekitaldia kaotikoa izan zen, hainbat atzerapen eta akatsekin. Bilboko metro sareak Bilboaldea eta Uribe Kosta eskualdeak konektatzen ditu, eta milioi bat biztanle inguru batzen ditu. Sareak hiru linea ditu gaur egun, bi eragilek ustiatuta: Metro Bilbaok Etxebarritik Plentziara doan lehen linea eta Basauritik Kabiezesera doan bigarrena ustiatzen ditu; Eusko Trenbideak enpresak, bestalde, Kukullagatik Matikora doan hirugarren linea ustiatzen du. Hiru lineek Zazpikaleak geltokian dute lotura eta sarea Bizkaiko gainontzeko garraio publikoekin lotuta dago hainbat puntutan. Metroa gaurko egunez zabaltzearekin ez ziren obrak bukatu, linea luzatu eta bigarren linea bat egiteko egitasmoa baitzegoen. 1996. urteko ekainaren 24an Gobelako geltokia zabaldu zuten. Urte bereko azaroaren 1ean Zazpikaleetako geltokia ireki zuten, metro sarearen lehenengo geltoki intermodala sortuz, metroa eta Euskotren Trenaren Txorierriko trenbidea lotzen zituena. Hurrengo urtean, martxoaren 21ean, metroaren bigarren linea eraikitzeko lanei ekin zieten, Ansion. 1997ko uztailaren 5ean Santutxu, Basarrate eta Boluetako geltokiak zabaldu zituzten. Boluetan, metroa eta Euskotren Trenaren Bilbo-Donostia, Durangalde eta Urdaibaiko lineekin bigarren intermodala jarri zuten martxan. 1999. urtean, Santimami geltokian beste intermodal bat sortzeko lanak abiatu zituzten, gaur egun metroaz gain Renfe Aldiriak, Euskotren Tranbia eta Termibus zerbitzuak batzen dituen geltokia egiteko. Ordutik, metroa zein beste garraioekin dituen loturak zabaltzeko lanek ez dute etenik izan.