GAUR8 - mila leiho zabalik

Historia eta arkitektura ondarea babesteko gomendioen bilduma argitaratu du Arabako Aldundiak

Historia eta arkitektura ondarea babesteko gomendioen bilduma argitaratu du Arabako Foru Aldundiak. Esku hartzeen plagintzan jartzen du fokua lan berriak, horretan lan egiten duten taldeei laguntzeko helburuz.

Foru Aldundiko agintariak eta liburukiaren egileak astelehenean, aurkezpenean. (Arabako Foru Aldundia)

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuak ‘Plangintza egitean historia eta arkitektura ondarea babesteko gomendioen bilduma’ argitaratu du.

Kultura eta Kirol Sailaren bildumaren bigarren liburukia da, 2021ean ‘Arabako Ondare historiko arkitektonikoaren gaineko esku hartzeen jardunbide egokien laburpena’ plazaratu ondoren.

Liburukia astelehen honetan aurkeztu dute Ana del Val Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak eta Jose Maria Villanueva Historia eta Arkitektura Ondarearen zerbitzuburu eta argitalpenaren koordinatzaile eta egilekideak. Gainerako egileak eta zerbitzuko langileak ere bertan izan dira.

Aurreko argitalpenean, eraikitakoa eta bere kontserbazioa izan ziren protagonista. Oraingoan, berriz, plangintzaren bidez ondarea babestea da helburu nagusia, eta plangintza hori zehazten lan egiten duten taldeei laguntzea. 

Gomendio multzoa

Horretarako, ondare hori osorik mantentzera zuzendutako hirigintza neurri guztiak zehaztu dira. Hala, gidan gomendio multzoa bildu da, batez ere udal katalogo eta araudiei, babes inguruneei, irisgarritasunari eta alderdi kromatikoei buruz azken urteotan egindako azterlanetan oinarrituta.

Era berean, bildumak babes zerrenden sarrerak eta sistematizazioa egiten lagundu nahi du, ondoren Arabako Foru Aldundiaren ondare historiko-arkitektonikoaren dokumentu funtsen kudeaketa errazago egin ahal izateko.

Azkenik, argitalpenean ibilaldi labur bat egiten da Arabako historia ondarearen kultura sareetan zehar, kultura ondasunen antolamenduaren testuinguru orokorra zein den erakutsiz.

«Sare horrek agerian uzten du zein handia den Araban eraikitako ondarearen aberastasuna. Hortaz, ondare hori plangintzaren bidez babestea benetako lurralde estrategia da, lantzen jarraitu beharrekoa», adierazi dutenez.