NOV. 19 2023 Gaur X urte Duela 21 urte hondoratu zen Prestige petrolio-ontzia Galizako kostaldean 77.000 tona fuel astun zeraman Prestige petrolio-ontzia gaur 21 urte hondoratu zen Galizako kostaldean eta berarekin, ingurumen-hondamendi handia eta ‘Nunca Máis’ plataformak gidatutako mugimendu soziala etorri ziren. Langile bat Galizako hondartza bat garbitzen, ‘Historias del chapapote’ dokumentalean. (Stéphane M. GRUESO | Wikimedia Commons) GAUR8 2002ko azaroaren 19an hondoratu zen Prestige petrolio-ontzia Galizako kostaldetik gertu. Galizako, Estatu frantseseko eta Portugalgo kostaldeetako 2.000 kilometrotan eragina izan zuen isurketak. Nabigazioaren historiako ingurumen-hondamendirik handienetako bat eragin zuen, erantzun sozial indartsu batekin batera. Azaroaren 13an ontziak istripu bat izan zuen ekaitz batean Costa da Morte Galizako eskualdetik gertu. Kostaldetik urruntzeko asmoz zenbait maniobra egin zituzten baina sei egunen buruan hondoratu egin zen, lurretik 250 kilometrora, eta kontaminatzaile tonak itsasora isuri ziren. Prestigeren petrolio-isuria historiako hirugarren istripurik garestiena izan zen bere garaian; izan ere, isuria garbitzeak eta ontzia zigilatzeak 12.000 milioi dolarreko kostua izan zuten, iturri batzuen arabera. Ontziak 26 urte zituen eta ez zegoen egoera onean. Istripuaren arrazoiari dagokionez, tesi onartuena koskoaren haustua itsasoko erasoaldien ondorioz materialak nekatu egin zirelako gertatu zela da. Horrek arrail bat sortu zuen istriborreko saihetsetan, karga-tangak kaltetu zituena. Hasiera batean, pitzadura 15 metro ingurukoa izango zela aurreikusi zuten, baina 35 metrora iritsi zen. Beste azalpen posible bat itsasontziaren kroskoko xafla bat jausi izana da. Erantzukizun juridiko eta politikoak exijitzeko, ‘Nunca Máis’ plataforma sortu zuten. Galiziako hiri guztietan egindako hainbat manifestaziotan Galiza hondamen-eremutzat hartzea eskatu zuten ere.