NOV. 22 2023 Larunbatean abiatuko da XXVI. Folklore Jaialdia Barakaldon XXVI. Folklore Jaialdiak hainbat ekitaldi ekarriko ditu Barakaldora larunbatetik aurrera. Atariko bost ekitaldirekin abiatzen da egitaraua, eta zirkua izango da lehen hitzorduaren protagonista. Plazan kantatzeko eta dantzatzeko ohiturak indartu nahi ditu jaialdiak. (Marisol RAMIREZ | FOKU) GAUR8 Barakaldok Ibarra-Kaldu elkarteak bultzatutako Folklore Jaialdiaren XXVI. edizioa hartuko du azaroaren 25etik abenduaren 10era bitarte. 46 dantza taldek, 31 musika taldek, bertsolariek eta guztira Bizkaiko 17 taldek parte hartu dute antolakuntzan. Egitarauak atariko bost ekitaldi eta Barakaldo Antzokian egingo diren hiru ekitaldi nagusiak ditu. Larunbatean izango da lehen hitzordua: zirku emanaldi bat programatu da Zirkodromoan. Plazak mugatuak dira eta aldez aurretik gonbidapenak jaso beharko dira Ibarra-Kalduren lokalean, lanegunetan, 18.00etatik 20.00etara. Bigarren jarduera, hitzaldi dantzatua, Barakaldo Antzokiarekin elkarlanean antolatu da. ‘Tra, Tra, Tra - Tradizioa, Transmisioa, Traizioa: tradizioari begirada garaikidea’ izenburupean, Toni Jodarrek, artista eta dantza maisuak, dantza garaikidearen historian eta bilakaeran barrena ibilbidea egiten du, arreta dantza tradizionalean jarriz, sustraiak eta sorkuntza berria arakatuz. Hitzaldi dantzatua azaroaren 28an izango da, 20.00etan, Barakaldo Antzokiko areto nagusian, eta sarrerek 12 euroko prezioa dute. Abenduaren 1erako ‘Kantu afaria’ antolatu da, ekitaldira joaten diren pertsonek aktiboki parte hartzeko aukera izan dezaten, eta ez ikusle soil gisa. Gainera, abesti berrien eta zaharren letrak eta doinuak zabaldu nahi dira, baita taldean abesteko ohitura biziberritu ere. Musikari dagokionez, Eider Zenarruzabeitiak eta David Nanclaresek osatutako Errotik bikoteak gidatuko du bazkalostea. Afaria Ibarra-Kaldu elkartearen lokalean izango da eta 21.30ean hasiko da. Egitarauan dantza-solasaldi tailer bat dago, ‘Erraldoiekin jolas eta solas’. Barakaldoko lau udal erraldoiez baliatuz, Patxi Labordak eta Birakari konpartsako gainerako kideek erraldoien tradizioa ezagutaraziko dute. Jaialdia «dantza egin nahi dutenentzat plaza irekia» bihurtzeko asmoz, atariko azken ekitaldia erromeria irekia izango da, Ibarra-Kalduren musika taldeak eta dantza maisuek gidatuta. Abenduaren 6an izango da, 19.00etan, Barakaldes pilotalekuan, eta sarrera librea izango da. TaNborin, RULA eta Ibarra-kaldu Ekitaldi nagusiei dagokienez, abenduaren 8an, musika izango da protagonista Barakaldo Antzokian, 19.30ean, doako sarrerarekin. Bertan, TaNborin talde barakaldarrak, RULA folk talde euskal-irlandarrak (Ruaille-Buaille taldearen bertsio murriztu eta berritua) eta Ibarra-kaldu taldeak joko dute. Abenduaren 8an, Barakaldo Antzokian ere, dantza emanaldia egingo da, 19.30ean. Edizio honetan, Gaztela-Mantxako eta Herrialde Balentziarreko taldeek bisitatuko dute Barakaldo. Azkenik, abenduaren 10ean, Enkarterrira joango da jaialdia, Zallako Zine Antzokian izango baita azken saioa, 12.00etan hasita. Bertan, aipatutako kanpoko taldeez gain, Ibai Lorak herriko dantza taldeak hartuko du parte.