GAUR8 - mila leiho zabalik

Adenduaren 12an irekiko da Gizarte Zientzien eta Humanitateen Euskadi Ikerkuntza Sarira hautagaiak aurkezteko epea

Lakuako Hezkuntza Sailak Euskadi Ikerkuntza Sarirako deialdia berria jarri du abian. Abenduaren 12an zabalduko da hautagaitzak aurkezteko epea, eta urtarrilaren 11ra arte jasoko ditu proposamenak.

Hautagaitzak aurkezteko epea urtarrilaren 11ra arte egongo da zabalik. (Raul BOGAJO | FOKU)

Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak 2023ko Euskadi Ikerkuntza Sarirako deialdia egin du, gizarte zientzien eta humanitateen arloan. Hautagaitzak aurkezteko epea abenduaren 12tik 2024ko urtarrilaren 11ra arte egongo da zabalik. Sariaren helburua Araban, Bzikaian eta Gipuzkoan burutzen den jarduera zientifikoa sustatzea eta aitortzea da.

Sustatzaileek jakinarazi dutenez, deialdiak modalitatea aldatzen du bi urtean behin: urte bikoitietan zientzia eta teknologiari buruzkoa izaten da eta urte bakoitietan gizarte zientziei eta humanitateei buruzkoa (2023ren kasua).

Zientzia eta teknologia modalitateak barne hartzen ditu oinarrizko zientziak, bizi eta osasun zientziak, teknologiak eta arkitektura; gizarte zientziak eta humanitateak modalitateak, aldiz, zientzia sozioekonomikoak, juridikoak eta giza zientziak hartzen ditu barne.

Bete beharreko baldintzak

Euskadi Ikerkuntza Sariak 42.000 euroko diru zuzkidura du, eta doktore tituludun ikertzaileek dute eskuratzeko aukera. Gainera, hautagaiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile gisa egiaztatuta dagoen ikerketa zentro bateko kide izan behar dira, edo zentroari atxikita egon, eta, doktoretza lortu zutenetik, gutxienez 12 urtez bere ibilbide zientifikoa Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egina izan behar dute.

Ikerbasque Fundazioak kontratatutako eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen barruko zentroren bati atxikitako Ikerbasqueko irakasleen hautagaitzak ere onartuko dira. Saria jasotzeko hautagaiak erakunde zientifikoek edo beste ikertzaile batzuek proposatuko dituzte. Hautagaiak berak ere bere burua aurkeztu dezake.

Euskadi Ikerkuntza Saria Hezkuntza Sailak urtero banatzen duen aitortza da. Jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, baita EAE eta handik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea ere, betiere horien lanak eragin positiboa badu EAEn.