GAUR8 - mila leiho zabalik

Familia osoarentzako jarduerak antolatu dituzte BCAM, BC3 eta BCBL zentroen 15. urteurrena ospatzeko

BCAM, BC3 eta BCBL ikerketa zentroek euren jakintza arloekin lotutako hainbat jarduera ludiko antolatu dituzte abenduaren 1erako, 15. urteurrena ospatzeko. Azkuna Zentroan izango da, 17.00etatik aurrera.

Bilboko Azkuna zentroan izango dira urtemuga ospatzeko jarduerak. (Jon URBE | FOKU)

Basque Center of Applied Mathematics (BCAM), Basque Center For Climate Change (BC3) eta Basque Center of Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa zentroek 15 urte bete dituzte, eta urtemuga ospatzeko, familia osoari zuzendutako jarduera-egitaraua prestatu dute abenduaren 1ean.

Bibo Azkuna Zentroan izango da, eta zientzia eta berrikuntzaz era dibertigarrian gozatuz ikasteko ekitaldi sorta iragarri dute 17.00etan hasita.

«Hiru zentroen ikerketa jardueraren alderdi atseginena» ezagutaratzea helburu duen programa horretan, «haien karbonoko aztarna kalkulatu, papiroflexia egin, matematikarekin jolasean ibili, tabletan hizkuntzarekin loturiko ariketak burutu edo garunaren berri gehiago jakiteko aukera» emango duten moduko ekintzak aurkituko dituzte parte hartzaileek.

Zientziara hurbiltzeko txokoak

Simulatzailea baliatuz, adibidez, hiru zentroetako ikertzaile-taldeek antolatutako txokoetan, landare batek kontsumitzen duen karbono dioxido kopurua kalkulatu ahal izango dute, baita etorkizuneko hiriak nolakoak izango diren irudikatzen dituzten marrazki batean adierazi ere.

Jardueren artean, matematikariek Möbus banda hain gustuko izateko arrazoiak ere ezagutu ahal izango dituzte, edo espainiar zeinu-hizkuntzako oinarrizko ezagutzak eskuratu, besteak beste.

Bestetik, hainbat hitzaldi labur prestatu dituzte artzaintzaren zientzia, hiri jasangarriak edo hain pil-pilean dagoen adimen artifiziala bezalako gaien inguruan. Magia eta iusionismoaren inguruko jarduera batek itxiko du jardunaldia.

BCAM Bilbon egoitza duen diziplinarteko ikerketa zentroa da, eta gogoratu dutenez, «matematikak gizartearen zerbitzura jartzea» du helburu. BC3jakintza-alor anitzeko nazioarteko bikaitasun ikerketa zenrtroan klima-aldaketaren zioak eta eraginak aztertzen dira, eta BCBL-k kognizioa, burmuina eta hizkuntza ikertzen ditu.