DEC. 01 2023 Gaur X urte Rosa Louise Parksek uko egin zion bere eserlekua gizonezko zuri bati uzteari Gaurko egunez, duela 68 urte, Rosa Louise Parks Alabaman jaiotako jostun afroamerikarrak eskubide zibilen aldeko mugimendua piztu zuen AEBetan. Autobusean zihoala, uko egin zion bere aulkia gizonezko zuri bati uzteari, orduko AEBetako hegoaldeko legeak zioenari kontra eginez. Ondorioz, preso hartu zuten. Rosa Parks, Martin Luther King-ekin. (WIKIPEDIA) GAUR8 Rosa Louise Parks Alabamako Tuskegeen sortu zen, 1913an. Aita arotza zuen eta ama irakaslea. Txikitatik izan zuen amigdalitis kronikoa. Gurasoak banatzean amarekin joan zen Montgomery ondoan bizitzera. Jostuna izan zen ia bizi osoan. Estatu Batuetako eskubide zibilen aldeko mugimenduko aktibista garrantzitsua izan zen afroamerikarra. 1955eko abenduaren 1a zen borroka horretan mugarria jarri zuenean: Montgomeryko autobus publiko bat hartu zuen eta atzealdean eseri zen, arraza beltzekoei zegokien tokian. Zehazki, zurien eserlekuen hurrengo lerroan. Arraza zurikoei zegokien aldea beteta zegoen antza, eta beltzen aulkiak behar zituztela argudiatuta, gidariak lekutik altxatzeko erran zien Parks eta bertze hainbat bidaiariri. Parksen erantzuna ezezkoa izan zen, eta ondorioz, handik gutxira atxilotu egin zuen Poliziak, orduko AEBetako hegoaldeko legeak zioenari desafio egin ziolako. Horri erantzunez, beltzen komunitateko hainbat buruk autobus konpainia boikotatzera deitu zuten. Egun bateko boikota egitea zen asmoa, baina gero eta lagun gehiagok egin zuten bat protestarekin. Azkenean, 381 egunez eutsi zioten boikotari 40.000 lagunek. Egun horietan guztietan oinez joan ziren lanera, eskolara, elizara... Edo antolatu eta autoak partekatuz bertzela. Izen ezagunek parte hartu zuten ekintzetan, bertzeren artean Ralph Abernathy eta Martin Luther Kingek.Rosa Parksen kasua Estatu Batuetako Epaitegi Nagusira iritsi zen eta honek garraioetako segregazioa konstituzioaren aurkakoa zela erabaki zuen. Hala, eskubide zibilen mugimenduaren ikono bilakatu zen militantea. 1960ko hamarkadaren hasieran Detroitera joan zen bizitzera eta han John Conyers demokrataren ordezkari izan zen 1988ra arte. Detroiten zendu zen, 92 urterekin, 2005ean.