GAUR8 - mila leiho zabalik

Uribe Kostako Berdintasunaren Aldeko Gazteen II. Jardunaldiak egingo dituzte larunbatean Urdulizen

Amelia Tiganus aktibista feministaren hitzaldiak zabalduko du programazioa, 16.00etan. Azken urteetan Sopelako eta Plentziako institutuetan garatutako prebentzio, sentsibilizazio eta prestakuntza programaren emaitzak topaketen ardatz nagusia izango dira.

Amelia Tiganus Emargi taldeko aktibista feminista, irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Arratsaldeko 16.00etatik 18.30era egingo dituzte eskualdeko berdintasunaren aldeko gazteen topaketak Urdulizko Kultur Etxean, Mankomunitateak, Gaztelarre Elkarteak eta Emargik elkarlanean antolatuta.

Amelia Tiganus aktibista, idazle feminista eta Emargiren sortzailearen hitzaldiak zabalduko ditu jardunaldiak ‘Sare sozialak eta krimen antolatua: Nerabezaroan laguntzeko gakoak’ esparru txostena ardatz izango duen hitzaldiarekin.

Gaztelarren sexu indarkeriaren aurkako gazteen elkartea da, eta Uribe Kostako Mankomunitateak gogoratu duenez, 2021-22 ikasturtean Sopelako institutuan sexu-indarkeriaren inguruan egin zen prebentzio, sentsibilizazio eta prestakuntza programaren esparruan sortu zen.

Pasa den ikasturtean, programa bera Plentziako institutuan garatu zen. Jardunaldietan, kanpainaren emaitzak aztertuko dira, «ikasleek egindako ekintza zuzena ezagutzeaz gain, ondorio batzuk ateratzeko helburuari buruzko eztabaida bateratu batekin amaitzeko», azaldu dute antolatzailek.

Izan ere, Lucia Nieto Rodriguez soziologoa, ikasketa feministetan eta genero ikerketan masterra eta Emargiren sortzaileak aurkeztuko du kanpainaren emaitzen inguruan egindako txostena.

Topaketak itxiko dituen eztabaida bateratuaren aurretik, ikasleen ekintzaren aurkezpena egingo dute Gaztelarre Elkarteak eta Oihane Meñika gizarte hezitzaileak, berdintasunean aditua den hezitzailea eta Emargiren sortzaileak.