DEC. 02 2023 Gaur X urte Maria Callas opera kantari ospetsua jaio zen Gaurko egunez, duela justu ehun urte sortu zen New Yorken Maria Callas, XX. mendeko opera abeslari entzutetsuenetakoa. Bere abesteko modu bereziagatik, interpretazioagatik eta nortasunagatik arrakasta izugarria lortu zuen mundu mailan. Maria Callas, 1958an. (WIKIPEDIA) GAUR8 Ehun urte dira abenduaren 2 honetan Maria Callas sopranoa jaio zela. XX. mendeko opera abeslari puntakoenetzat hartzen da. Karrera itzela egin zuen, eta aparteko maila erakutsi zuen bai ahotsari dagokionez eta baita interpretazioari dagokionez ere.Erregistro zabaleko ahotsa zuen eta teknika ezin hobeki menderatzen zuenez, askotariko paperak abestu ahal izan zituen, soprano arinetik hasi (Lucia, Semiramide, Gilda) eta dramatikoetaraino (Brunilda, Lady Macbeth), mezzoak ere bai (Carmen, Dalila), pertsonaia arinagoak eta dramatiko astunak uztartuz. Operako hainbat pertsonaia dramatiko eta espresibo ahanzturatik ateratzeagatik ere ezaguna da.Gurasoak greziarrak zituen baina AEBetara aldatu ziren eta han jaio zen Maria, New Yorken. Maria Anna Cecilia Sofia Kalogeropulu jarri zioten izena, baina abizena erratea zaila zenez, aitak Callas aukeratu zuen. 1929ko depresio handiaren ondorioz, arazoak hasi ziren eta gurasoak dibortziatu egin ziren. Orduan, amarekin eta ahizparekin bueltatu zen Greziara. Atenasko Kontserbatorio Nazionalean hasi zen ikasten, adinari buruz gezurra erranez, ez baitzen oraindik eskatzen zen gutxieneko 16 urteetara heltzen.Maria Trivella sopranoarekin ikasi zuen eta gero Elvira de Hidalgorekin. Azken honek bel canto erromantiko italiarra erakutsi zion. Amarekin zuen harremana ez zen goxoa, ordea, eta 1945ean, Bigarren Mundu Gerra bukatuta, Estatu Batuetara itzuli zen, aitaren ondora. Munduko hainbat lekutan ibili zen kantuan eta formatzen: Parisen, Chicagon, Milanen... 1960an, Onassisekin maitasun harremana hasi zuenean, lana baztertu zuen. Nahiz eta denbora gutxi egon abestu gabe, egin zituen gehiegikeriek ahotsa kaltetu zioten, eta ez zuen berreskuratu. Bere ibilbide profesionalaren gainbehera etorri zen, eta bertze jarduera batzuetan aritu zen: eszena zuzendari, irakasle... 1969an, Pier Paolo Pasoliniren Medea pelikulako aktore nagusietako bat izan zen, Medearen rolean. 1974an azken emanaldia egin eta erretiroa hartu zuen. Parisen zendu zen, 1977an.