GAUR8 - mila leiho zabalik

EHUko hiru ikertzaileren lan batek Renal Fundazioaren 2023ko saria jaso du

Lucia Martin Saiz, Olatz Fresnedo eta Jose A. Fernandez EHUko ikertzaileek Jimenez Diaz Fundazioarekin elkarlanean egindako ikerketa bat saritu dute. «Gutxitasun nefritiko akutua tratatzeko botiken diseinuan» lagunduko du lanak.

EHUko ikertzaile sarituak, irudian. (UPV/EHU)

Lucia Martin Saiz, Olatz Fresnedo eta Jose A. Fernandez Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileek Jimenez Diaz Fundazioarekin elkarlanean egindako ‘La ferrostatina-1 modula los lipidos renales desregulados en el fracaso renal agudo’ izeneko ikerlanak jaso du Renal Fundazioaren Iñigo Alvarez de Toledo Sarietako bat 2023ko edizioan, oinarrizko ikerketaren modalitatean.

EHUk jakinarazi duenez, saria 10.000 eurokoa da eta Estatuan ikerketa nefrologikoa sustatzea du helburu. Horixe da, gainera, giltzurruneko gaixotasunekin lotutako ikerketa zientifikoari egiten zaion aitortza handiena.

Funtsean, ikerlanak agerian utzi du lipidoetan gertatzen diren aldaketa batzuk zerikusia izan dezaketela giltzurruneko gaixotasun akutuarekin. Horregatik, horiek identifikatzea lagungarria izan daiteke gaitz hori tratatzeko botikak eta beste terapiak diseinatzeko garaian.

Saritutako lanaren jatorria Jose A. Fernandezek zuzendutako eta Lucia Martin Saizek egindako doktorego tesian dago: ‘Improvements in MALDI-Imaging Mass Spectrometry to analyze the lipidome in different tissues. A step forward to clinical application’.

«Lan hau, neurri batean, masen espektrometria bidez lipidoen irudi teknika garatzen pilatutako 15 urteko esperientziaren emaitza da. Horri esker, lipidoen banaketa mapak zuzenean ehun ataletan egin daitezke. Histologia molekular berria dela esan dezakegu eta gaixotasunen oinarri metabolikoen ikerlanean iraultza eragin dezake», azaldu du Jose A. Fernandez Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Saileko irakasle eta ikerlariak.