GAUR8 - mila leiho zabalik

Ultramarinos Idoia, ehun urte baino gehiagoko historia duen denda txiki bilbotarra

San Anton zubitik gertu bada ehun urte baino gehiago dituen denda txiki bat. Haraino joan da GAUR8 familia bereko lau belaunaldik kontserbatu duten negozioa ezagutzera, historia luzeko denda horien xarma eta sekretuen bila.

This browser does not support the video element.


Bilbon, San Anton zubitik oso gertu, Urazurrutia kalean, ehun urte baino gehiago duen denda txiki bat dago. ‘Ultramarinos Idoia’ irakur daiteke goiko kartelean, baita ogitartekoak saltzen dituztela ere. Ultramarino bat izan da ezagutzen dutenetik, ez dago aurreragoko informazio zehatzik. 1983ko uholdeek dena eraman zuten, dokumentazioa barne. Dakitena da eraikina 1912koa dela, eta seguruenik denda haiseratik egon zela.

Dakiguna da familia bereko laugarren belaunaldia dagoela lanean bertan. Jon Laviña Mendieta Idoia Mendieta amaren ondoan jarri da salmahaitik beste aldean. 1939an, gerra bukatuta, erosi zuen denda Idoiaren amamak eta orduan jada ultramarinoa zen, horrela utzi baitzuten jasota eskrituretan.

Fruta, ogia, arrautzak eta apur bat denetarik aurki daiteke denda zaharrean. Bertan izan da GAUR8 Jon eta Idoiarekin, garai zaharrak gogoratzen eta berriez hitz egiten.

Barruko ate zaharra

Istorio asko sortu da solasaldian. Denda barruan, adibidez, ate zahar bat dago, goikaldeko etxebizitzen atarira ematen duena. Estraperloaren garai haiek aipatu ditu Idoiak, baserrietatik ekarritako generoarekin beste elikagai batzuk heltzen ziren kui handien barruan, adibidez. Barruko ate horretatik, desorduetan auzoko bizilagun askok aurkitu du behar zuen hura.

Idoiak kontatu duenez, garai batean oso mugatuta zeuden ordutegiak, igandetan, adibidez, ezin zuten zabaldu, baina amak merkatari lanari ekiten zion, aginduei apur bat iskin egiten.

Ultramarinos Idoia, Bilboko Urazurrutia kalean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Negozioa izan da baina hori baino askoz gehiago izan da auzoko denda hori. Jonek kontatzen duenez, arazo asko kontatzen dira salmahaiaren aurrean, intimitatean. «Eta kontu horiek hemen geratzen dira», erantsi du Idoiak. «Baina hori ezin duzu supermerkatu handi batean egin», nabarmendu du dendari gazteak.

Ez da bakarrik gertutasuna, dendara hurbiltzen den jendearen beharretara egokitu da establezimendua, eta hori da hamarkadetan zehar ateak zabalik izateari eusteko beste sekretuetako bat. «Batzuetan jendeak arrautza bat behar du, patata bat, bi porru... eta behar duten hori ematen diegu», kontatu dutenez. Ogitartekoak ere saltzen dituzte, badakitelako kasu askotan sukaldea erabiltzeko aukerarik ez duten auzokideak badaudela. Ogitartekoen eskaintza berritu dute, eta nahasketa berriekin ausartu dira.

Dekoraziora begira, hainbat koadro eta artelan ikus daitezke dendan, «bezeroek eginak dira guztiak», dio harrotasunez Idoiak, eta ez zaio arrazoirik falta, zerbait berezia izango du dendak inguruko artisten arreta bereganatzeko.

Giltz multzoa jabearen zain

Horma nagusian, haragia zerbitzatzeko salmahaiaren atzealdean hamarnaka giltza ikus daitezke. Dendak eskaintzen duen beste zerbitzuetako bat da hori. «Bezeroek batzuetan giltzak uzten dituzte hemen, konfiantza osoz, beste norbaitek jasotzeko...», eta dendariek mesede hori ere egiten diete. «Kontuan hartu, orain bakarrik bizi den jendea dagoela, baita etxea partekatu eta gelak alokatzen dizutenak, orduan konplikatua da batzuetan giltzak non utzi ez daukazunean, hemen ez dago izenik ezta helbiderik ere, bakoitzak ezagutzen ditu bereak», zehaztu du Idoiak.

Aipatu dutenez, orain mugimendu handiko kale batean bizi dira, nabari da gazte berriak daudela auzoan baita pisu turistikoak ere, eta horrek eragina du negozioan, noski. Hala ere, nabarmendu dute negozioa garaietara edo bezeroen beharretara egokitzen joan dela. Gaur egun paketeria zerbitzua eskaintzen du dendak, produktu latinoak ere sartu dituzte, inguruan sumatzen duten eskaerari erantzunez.

Bitxia da, zeren eskaintza berriaren ondoan, dendak gordetzen ditu aspaldi saldutako produktu batzuk ere, «nire amak ere gauza zaharrak erakusten zituen», dio Idoiak. Etxeetako txapak garbitzeko erabiltzen ziren hautsak, adibidez. «Kontua hartu, etxe zahar guztietan txapa zegoela, orain kendu dira guztiak, baina garai batean etxe guztietan zegoen txapa, erabilerarekin beltz geratzen zen, eta honekin dirdiratsu geratzen ziren».

Denda txikia izan arren, ateak zabalik izan ditu auzoan erro luze eta sakonak botaz, eta hori erosle bakoitza sartzean entzuten den txirrinarekin sumatzen da. Kamera eta grabadoren aurreko solasaldi honetan, «sartu, sartu lasai» bat aurkitu du dendan sartu duen bakoitzak.